ETAren agiria. Hemeroteka

2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak ETAren agiria dela-eta izandako lehen erreakzioa desilusionagarria izan da; ez aurreikusi ezin zitekeelako, baizik eta ez delako oso argitsua izan. [...] Espainiako estatuaren egoera orokorra ez da nazioarteko komunitatea gutxiesteko modukoa. Espero izatekoa da zuhurtasuna gailenduko dela eta egoera historikoarekin bat egiten duen diskurtsoa sortuko dutela. Presioa, oraintxe bertan, Espainiako Gobernuan dago, errealitate hori ezkutatzen saiatzen den arren».

Editoriala. Gara.

«ETAk bere azken su-etena deskribatzeko erabilitako hiru adjektiboetatik bik ez dute berritasunik. 2006ko su-etena ere izan zen iraunkorra bere garaian. [...] Eta 1998ko irailekoa ere izan zen orokorra, Aznarren gobernua abertzaleekin negoziatzera bultzatu zuen hura. Haatik, estortsioek aurrera egin zuten. [...] XXI. mendeko bigarren hamarkadan sartuta gauden honetan, [...] ETArengandik espero dugun bakarra armak behin betirako uztea da».

Editoriala. La Vanguardia

«ETAren adierazpena urrats garrantzitsua izan da indarkeria apurka desagertzeko bidean, helburu politikoak lortzeko asmoz. Lehen aldia da 50 urtean etorkizun baketsua irudikatzeko aukera ematen duela. [...] ETA ahal zuen lekuraino heldu da, eta eragile politiko guztiek aintzat hartu eta dagokion moduan erantzun beharko lukete. [...] Ez da bidezkoa urrats honi atea ixtea. Politika argi eta zintzo batek beharrezko urratsak egin behar ditu bakeari bidea egiteko».

Editoriala. Noticias taldea.

«Agian ez da Espainiako Gobernuak espero zuen adierazpena. Baina bada, zalantzarik gabe, Espainiako Gobernuak argi eta garbi ulertu duen agiri bat. ETAk atzo deitutako su-etenak garrantzi bikoitza du, inoiz aipatu ez dituzten hiru erabaki aipatzen direlako. [...] Iraunkorra, orokorra eta nazioarteak egiaztatzeko modukoa. [...] Erabaki historiko hau sustatzen duen bigarren arrazoia da lehen aldiz ETAren adar politikoa adar armatuari gailendu zaiola».

Editoriala. Sud Ouest.

«[Zabaltzen ari den] baikortasun zuhurrak ez lioke bidea egin behar [ETAren] adierazpenak ezkutatzen duen katramila antidemokratikoari. [...] Mehatxuak hor dirau, gizartea eta politika estutzeari uzteko bezain birrinduta ikusi nahi dugun arren. [...] Ekintzek baloratuko dute su-eten hau noraino iritsiko den. Baina talde terroristaren baldintzetan dagoen oinarria hain da iraingarria demokraziarentzat eta biktimentzat, komunikatua kaskarraren hurrengoa baita».

Editoriala. El Correo.

«Espainiaren erantzun apalak harritu ditzake kanpoko hamaika behatzaile, baina desilusiozko historia baten ondorio naturala da. Espainiako euskal eskualdean errepublika sozialista helburutzat izan duen 40 urteko indarkeriaren ostean, galdera ez da ea agiriak eduki berririk baduen (badu, egia esanda). Dagoeneko ez du axola, Espainiaren ustea baita ETA jada garaituta dagoela eta ez duela merezi hura desagertzeko preziorik ordaintzea».

M.A. Murado. The Guardian.

«Beste behin, agenda politikoan su-eten lauso bat sartu nahian ari da taldea, lurraldetasunaren eta autodeterminazioaren trukean –hau da, Nafarroa, nafarren ezkutuan–, hurrengo hauteskundeetako hautagaitza trabestituen bidez. Bestetan balio izan du iruzurrak. Orain eskarmentuak indar handiagoa du fede onak baino. [...] Armen uzte argi eta garbi batek baino ez du balio. Ihesbideak dira gainontzekoak, irakurtzea ere merezi ez duennahaste-borrastea».

Editoriala. Diario de Navarra.

«Euskal fanatikoek, euren helburua lortzen ez duten bitartean, bonbak botatzen dituzte, garai aldaketarekiko itsu. Espainian diktadura aspaldi bukatu izanak ez dirudi garrantzirik duenik, ezta Espainia demokratikoak emandako eskumen autonomiko eskuzabalek ere. Mugarik gabeko Europan, euskal nazio goresgarri bat sortu nahi dute, munduari benetako sozialismoa zer den erakusteko. Istorio irrigarria, hainbeste odolekin idatzi izan ez balute».

Annette Prosinger. Die Welt.

«Pilota ezker abertzalearen zelaian dago orain. Begiak ixtea erabakitzen badu eta uste badu berak ETA konbentzitzeko duen ahalmenaren eta politikaren aldeko apustuaren ondorio dela agiria, bere irtenbide propioa urrunduko luke. Aitzitik, sinesgarritasuna irabaziko luke EAJren moduan uko egingo balio ETArekin negoziatzeari, eta onartuko balu ez litzatekeela demokratikoa izango gehiengoak gutxiengoaren egitasmoa onartu behar izatea ETAk berriro inor hil ez dezan».

Editoriala. El Pais.

«Amaieraren hasieran ote gaude? Borroka demokratiko bat ote da, non abertzale erradikalek autodeterminazioa eta independentzia armetara jo gabe aldarrika dezaketen? Erantzuna baiezkoa da, baina espainiar eta euskal herritarrek nahi dutena baino gehiago luzatuko da. Amore ematea pentsaezina da ETAri gelditzen zaizkion militante gehientsuenentzat. [...] Indarkeriazko urte luzeak eta hilketak justifikatu beharko lituzkete».

Juan Carlos Algañaraz. Clarin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.