ETAren amaierari buruz akordio bat egitea proposatu die PPk EAJri eta PSE-EEri

Bazterketa oinarri izango duen bidea egiteko eskatu die Basagoitik Urkulluri eta Lopezi, gutun bidez

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Alderdi politiko demokratikoek jarrera demokratikoak indartzea» nahi du Antonio Basagoitik, EAEko PPko presidente eta lehendakarigaiak. Horixe esan die EAJko buru eta lehendakarigai Iñigo Urkulluri eta lehendakari eta PSE-EEko lehendakarigai Patxi Lopezi, gutun banaigorrita. «Erasotzaileen legitimazioak» ezin duela «elkarbizitza eta eguneroko lasaitasuna mehatxatu» esan die, eta, beraz, «alderdi politiko demokratikoek» euren desadostasunak alboratu eta «jarrera demokratikoak indartzeko gai» izan behar dutela. «Beraiek bezala pentsatzen ez dutenei euskal herritartasuna ukatzen jarraitzen dutenekin» ezin dela «politikoki berdintasunez aritu» ere ohartarazi die. Bazterketaren bideari eusteko proposatu die.

ETAk desegin behar duela eta desegite hori egiaztatu behar dela dio Basagoitik, eta elkarbizitzarako oinarriak ezarri behar direla. Alderdiek bide hori zein oinarriren gainean egin beharko luketen ere zehaztu die Urkullu eta Lopezi: «Terrorismoaren biktimen memoria, egia, justizia eta demokrazian bizitzea ahalbidetzen duten guneen izen ona».

Hori guztiori esanda, «gutxiengo oinarrien gainean» akordioa egitea proposatu die PPkoak EAJri eta PSE-EEri. Oinarriak ere zehaztu dizkie: «Herritarrek iritzi demokratikoak askatasunez adierazi ahal izatea»; helburu politikoek aniztasuna ez zapaltzea eta «inposatzeko helburua duten proiektuei» lekurik ez egitea; eta «Euskadi demokrazian bizi eta arauak betetzeko prest dauden guztiei» irekitzea.

«Herritarrak eta soilik herritarrak ordezkatu nahi dituztenekin harreman politiko normalizatuak» izateko baldintzak zeintzuk izan behar duten ere esan die Basagoitik Urkullu eta Lopezi: «Ezinbestekoa da ETAren terrorismoa kritikatzea, eragindako mina aitortzea eta haren ibilbidea justifikatzeko edozein modu desagerraraztea».

Bestalde, legeak aldatu nahi izatea zilegi dela onartu du Basagoitik, baina indarrean dauden lege eta arauak betetzea ezinbestekoa dela ohartarazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.