ETAren atentatuek ez preskribatzea iradoki du Europako Parlamentuak

PSOEk adierazi du legez kanpokoa dela hilketak gizateriaren aurkako krimen gisa kalifikatzea

Txostenaren egileak, Voxeko, Ciudadanoseko, PPko eta PSOEko ordezkariekin, Madrilen. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuko Peti Eskaera Batzordeak Espainiako erakundeei eskatu die ETAren argitu gabeko atentatuen «ikerketa berritu, zehatz eta sakon bat» egiteko. Aldeko 27 botorekin, kontrako hirurekin eta beste horrenbeste abstentziorekin egin du. Horretarako, atentatuak «gizateriaren aurkako krimentzat» jotzeko aukera hizpidera ekartzeko eskatu du, baita 2004tik atzerako kasuetan ere. Horrek, ordea, ez duPSOEren babesa jaso.

Ekintzen «preskripzioen» inguruan, txostenak Espainiari eskatzen dio ez dezala halakorik kontuan hartu ikerketak egiteko garaian. Argudiatu dute behin ikerketa amaituta zehaztu beharko litzatekeela. Are gehiago, «zigor zuzenbidearen aukera interpretatibo guztiak agortzeko» eskatzen du txostenak, eta horien artean aipatzen du atentatuak gizateriaren aurkako krimen gisa tipifikatzeko aukera, ez dezaten preskribatu. Izan ere, argitu gabeko hilketa gehienak 1970eko hamarkadan eta 1980koaren hasieran egindakoak dira.

Gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa ez zen Espainiako Zigor Kodean txertatu 2004ra arte, eta, legediaren arabera, ez du atzerako eraginik. Hala argudiatu dute Espainiako auzitegiek, bai ETAko kideen aurkako auziak aztertzeko garaian, bai frankismoko eta trantsizioaren lehen urteetako estatu krimenak ikertzean. Hala, PSOEk zuzenketa baten bidez eskatu du puntu hori txostenetik kanpo uzteko: «Ulertzen dugu biktimen eskaera, baina beharrezkoa da legearen errespetua sustatzea». Ez du, ordea, gehiengoaren babesa lortu.

Ez da hori Cristina Maestre sozialistak aurkeztutako zuzenketa bakarra; denera hamabost izan dira. Besteak beste, proposatu du Espainiako botere legegileari «iradokitzea» lege moldaketak egiteko, euskal presoek espetxe onurak lortu ahal izateko atentatuak argitzen lagundu dezaten. Txostena, baina, gogorragoa da arlo horri dagokionez, eta instituzioei eskatzen die espetxe onurak eta laguntza «lotzeko».

Txostenak atentatuen «ustezko egile intelektualen» aurka egiteko ere eskatzen dio Espainiari, berriz ere «zigor zuzenbidearen interpretazio aukerak agortzeko» esanez. Hala, argitu gabeko atentatu bakoitza gauzatu zenean ETAren buruzagitzan zeuden kideak ikertzeko aukeraren alde egin du. Horrek bat egiten du Espainiako Auzitegi Nazionalak azken hilabeteetan erakutsi duen jarrerarekin. Dignidad y Justicia elkartearen salaketei men eginez, tramiterako onartu ditu ETAren buruzagi ohien aurkako zenbait kasu.

Era berean, baina PSOEren babesik gabe, estatuari eskatzen dio argitu gabeko atentatuen biktimen inguruko txosten bat egiteaz arduratuko den batzorde bat eratzeko; jurista talde batek osatuko luke. Auzitegi Nazionalari, berriz, exijitzen dio biktimei azaltzeko kasu bakoitza zer egoera prozesaletan dagoen, «argitze aldera zergatik dagoen hainbesteko inpunitatea».

Ongietorrien aurka

Euskal presoen ongietorriak ere aipatzen ditu txostenak. «Espetxetik ateratako terrorista kondenatuen gorazarre publikoak» eragozte aldera lan egiteko eskatzen du, eta «ekintza terrorista jakinen apologia» delitu gisa tipifikatzeko beharrezko mekanismoak sortzeko. Haren arabera, halako ekintzek biktimen «beste biktimizazio bat» eragiten dute.

Dignidad y Justicia elkarteko abokatu Miguel Angel Rodriguezek eginiko eskaeran du jatorria txostenak. «ETA erakunde terroristak egin eta oraindik argitu gabe dauden 379 hilketen» inguruko ikerketa bat egiteko eskatu zuen hark, eta, hari erantzunez, europarlamentari talde bat Euskal Herrian eta Espainian izan zen azaroan. Besteak beste, Espainiako justiziako eta polizia indarretako kideekin bildu ziren, baita biktimen elkarte batzuekin ere. Bidaia hasi aurretik, Peti batzordeko presidenteorde Tatjana Zdanokak salatu zuen hura prestatzeko prozesua «kontraesanez betea» egon zela, eta uko egin zion parte hartzeari. Besteak beste, PPko eurodiputatu eta batzordeko presidente Dolores Monserratek izan zuen rola salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.