Politika

ETAren azken agiriaren harira Eusko Legebiltzarrak elkartasuna agertu dio Maixabel Lasari

Eusko Legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbaok adierazpen instituzionala irakurri du, ETAren azken agirian "biktimak iraintzen" direla salatzeko. Erakunde armatuak Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendari Lasaren kontrako adierazpena egin du azken agirian.

2008ko azaroaren 7a
17:13
Entzun
ETAk azaroaren 5ean plazaratu zuen agirian "biktimak iraintzen" direla salatu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Horretarako, Legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbaok adierazpen instituzionala irakurri du ETAren agiriari erantzunez. EHAK-k ezik, gainerako alderdiek bat egin dute adierazpenarekin.

Idatzian ETAren indarkeria gutxiesten da eta, "mehatxatuak sentitu diren pertsona eta kolektibo guztiei elkartasuna" agertzen zaie. Bereziki, "terrorismoaren biktimei" agertu nahi diote babesa, "beren sufrimenduan irainduak izan direlako". Horietako bat Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria da. Izan ere, Lasa beraren jarrera eta Biktimen bulegoen daraman politika gaitzetsi ditu ETAk agirian.

ETAk agirian Marixabel Lasa "krokodilo malkoak isurtzen dituen militante antiabertzalea" dela esaten du, eta, horrela, "herri honen zapalketa ezabatzen" duela.

Elkartasun elkarretaratzea Legorretan

Maixabel Lasa Legorretakoa (Gipuzkoa) da; hain zuzen ere, Legorretako EAJk elkarretaratzea antolatu du Biktimen Arretarako zuzendaria elkartasuna adierazteko. Bihar eguerdian egingo dute, Legorretako udaletxe atarian.

Legorretako EAJk "gogor gaitzetsi" du ETAren "komunikatu basatia". Era berean, "elkartasuna" agertu die duela zortzi urte ETAk hildako Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoaren alargunari eta gizarte osoari. Legorretako herritarrei dei egin die biharko kontzentrazioan parte har dezaten. Legorretan EAE-ANV dago agintean eta EAJ da bertako oposizio bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.