ETAk atzo goizaldean PSE-EEren egoitzaren kontra egindako atentatua aho batez gaitzetsi du gaur Elgoibarko Udaleko bozeramaileen batzordeak; alderdi guztietako ordezkariek egin dute bat mozioarekin. EAE-ANVk ez du ordezkaritzarik Elgoibarko Udalean, Espainiako auzitegiek galarazi egin ziotelako aurkeztea.
Atentatua gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi die Elgoibarko Udalak kaltetuei: lehergailuaren ondorioz etxeetan eta ibilgailuetan kalteak jasan dituzten herritarrei, eta ETAk jomugan hartu dituen PSE-EEko kideei. Gainera, "herriaren eskubideen defentsan" engaiatu da Elgoibarko Udala: "Uste dugu ETAri erantzuteko modurik onena dela herriaren eskubideak defenditzea; hots, bakean, bonbarik eta tirorik gabe, bizi nahi duen herriarenak", agertu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak (EAJ).
Ezker abertzaleari eskaera zehatza egin diote: ETAren jokabidea gaitzesteko eta bide hori ez dela zilegi adierazteko.
Udalak bi elkarretaratze antolatu ditu, bat eguerdian eta bestea arratsaldeko zazpietan.
Elgoibarko PSE-EEren egoitzan lehergailua zartarazi zuen ETAk atzo goizaldean. Inor ez zen zauritu, baina kalte material handiak eragin ditu egoitzan eta inguruko auto eta etxeetan. Etxeetan kalteak jasan dituzten 25-30 bizilagunekin banan bana jarriko da harrmeanetan Udala, kalteordainak-eta bideratzeko. Kalte ziren autoak zortzi dira.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez, lehergailua hiru kilo amonalez osatua zegoen.
Atentatua