ezker abertzalearen legeztatzea

"ETAren biolentzia erabat eta behin betiko desager dadin" bere ekarpena egin nahi du Sortuk

Ezker abertzalearen alderdi berriak Hego Euskal Herria izango du esparru. Independentzia eta euskara izango ditu ardatz, eta sozialismoa erreferentzia izanik, demokrazia parte-hartzailea bultzatuko du. Sortu legeztatzeko eskatu dute bultzatzaileek, aurkezpenean, eta datorren astean alderdiaren egitura sortuko dutela esan dute. Karmele Agirregabiria, Iñaki Zabaleta, Maider Etxebarria, Edu Brugos, Ester Hernandorena, Sonia Respaldiza, Maria Jesus Velez, Xabier Artola, Raquel Jausoro eta Jose Mari Compainsek aurkeztu dute Sortu, Bilbon.

2011ko otsailaren 8a
19:56
Entzun
Sortu izango da ezker abertzalearen proiektu politiko berria, eta aurkeztu berri dute Karmele Agirregabiria euskaltegiko zuzendariak, Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak, Maider Etxebarria Geologian doktoreak, Edu Brugos sindikalistak, Ester Hernandorena irakasleak, Sonia Respaldiza administrariak, Maria Jesus Velez gizarte arloko langileak, Xabier Artola EHUko irakasleak, Raquel Jausoro langileak eta Jose Mari Compains abokatuak.

Biolentzia errefusatu dute aurkezpenean, ETArena barne, eta beste erakunde baten jarraipena direla ukatu dute. Gainera, inork ez dituela bere egingo ohartarazi dute. Hego Euskal Herria izango du esparru Sortuk, eta datorren astean sortuko dute alderdiaren egitura.

"Ireki berri den fase politiko berriari" erantzuteko asmoarekin jaio dela esan dute proiektuaren bultzatzaileek aurkezpenean, eta ezker abertzalearen konfiantza bideratu nahi dutela. Alderdi berria legeztatzea aldarrikatu dute horregatik. Agirregabiriak esan du Sortuko kideek ETAren biolentzia errefusatu beharko dutela; izan ere, alderdi berriak "ETAren biolentzia erabat eta behin-betiko" desager dadin" bere ekarpena egin nahi baitu. Bide baketsuak erabilitz, independentzia eta euskara izango ditu ardatz, eta sozialismoa erreferentzia izanik, demokrazia parte-hartzailea bultzatuko du.

Bihar Madrilera, erregistratzera

Sustatzaileak bihar joango dira Sortu erregistratzera Madrilera, Espainiako Gobernuko Barne Ministeriora. Proiektua aurkezteko 12:30ean prentsaurrekoa egingo dute Madrilen, Club de Amigos de la Unesco aretoan. Agerraldian Alex Maskey Sinn Feineko kidea eta Bill Bowring Bill Bowring Ingalaterrako legelari eta Europako Giza Eskubideetarako Batzordeko zuzendariak parte hartuko dute.

Hilaren 19an (larunbata) alderdiaren legeztatzea eskatzeko manifestazioa izango da Bilbon, Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek deituta.

"Apustu atzeraezina"

Rufi Etxeberriak SER irrati katean gaur goizean esan duenez, ezker abertzaleak ez du legalizazioa ez den beste jokalekurik espero etorkizunean. Borroka armatuaren aroa amaitu dela gaineratu du. Atzo egindako aurkezpena historikoa izan zela esan du, eta biolentziarik gabeko bideen aldeko apustua atzeraezina dela berretsi du. "Bide politikoei heldu behar diegu independentziaren aldeko borrokan", adierazi du. Ezker abertzaleak jauzi bat eman duela esan du Etxeberriak, eta biolentzia politikoa eta estrategia independentista ez direla bateragarriak.

ETAren erabakia ere historikoa dela esan du Etxeberriak, baldintza berriak jarri dituela eta horien gainean gatazkari irteera eman behar zaiola, Euskal Herrian dagoen biolentzia politikoa amaitzeko. "Bi mende daramatzagu herrialde honetan hainbat belaunaldik biolentziaren ondorioak pairatzen. Gatazkaren oinarriak aspaldikoak dira", erantzun dio kazetariari, ETAren biolentziaz galdetu dionean.

ETAk Joseba Pagazaurtundua hil zuela gaur zortzi urte betetzen direla gogorarazi dio kazetariak, eta Etxeberriak erantzun dio horrelakoak lastimagarriak direla, "larritasun handikoak", eta ezker abertzaleak badakiela zer den hori, gatazkaren ondorioak "bere larruan" bizi izan dituelako. Eta hain zuzen horregatik egoera hori gainditu beharra dagoela esan du. "Ezker abertzaleak biolentzia egoera guztiak gainditzeko konpromisoa hartu du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.