"Batasunak ahuldade izugarria du, ez baititu hartu beharreko erabakiak hartzen, eta erabaki horiek ETAk hartzeko zain baitago", esan du Imazek Espainiako SER irrati katean egin dioten elkarrizketan.
Ezker abertzaleko alderdi horrek lehenbailehen hartu beharreko erabakia ETAri indarkeria bazterrera uzteko eskatzea eta bide politiko hutsen aldeko apostua egitea da Imazen arabera. Osterantzean, Batasuna "bazterrak nahasten" ari dela iritzi dio. "Ausardia politikoa beharko luke Batasunak, eta herri honetan politika egin nahi badu, urratsa eman eta ETAri exijitu beharko lioke eszenatoki politikotik desagertzeko". Bestela alferrik ari dela azpimarratu du.
Ildo horretatik, Otegik BECeko ekitaldian egin zuen hitzaldian ez zuela berritasunik sumatu esan du jeltzaleen presidenteak, hain justu, ETAri armak uzteko eskaera hori ez ziolako egin. Gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako debekuak Batasunari "diskurtso gabezia" hori estaltzen lagundu diola esan du. "BECeko ekitaldiak argi erakutsi beharko luke Batasuna bazterrak nahasten ari dela, eta justu hori ezkutuan geratu da Grande-Marlaskaren erruz, horri buruz ezik beste guztiaz hitzegin baitugu", adierazi du.
Balizko konponbide prozesuaren inguruan, alde batetik itxaropentsu agertu da Imaz, halako bide bat sortzeko"faktore objektiboak" sumatzen baititu. Bestetik, ordea, zuhurtasuna eskatu du, prozesuaren inguruko hori batzuetan "gehiengi puztutzen ari den globoa" dela iritzita.
Politika
ETAren erabakien zain egotea egotzi dio Imazek Batasunari
Itxaropentsu, baina aldi berean zuhur agertu da Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidentea balizko bake eta konponbide prozesuaren inguruan. Imazen iritziz, badira bakea lor daitekeela adierazten duten faktore objektiboak, baina, era berean, itxaropen hori gehiegi "puztutzen" ari ote den iradoki du. Ildo horretatik, Batasunari behin betiko politika hutserako jauzia egiteko eskatu dio, gainerakoan, "bazterrak nahasten" baino ez dela ari oharrarazita. Finean, ETAren erabakien zain egotea egotzi dio Imazek Batasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu