Ordu gutxiko aldean, Eusko Legebiltzarrerako hiru lehendakarigairen arteko ika-mika izan da, blogak erabiliz. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta alderdi sozialistaren lehendakarigaiak, Iñigo Urkullu EAJko buru eta lehendakarigaiak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko buru eta lehendakarigaiak sarrera bana idatzi dute. Patxi Lopezek bereziki EAJ du kritiken jomuga, eta Iñigo Urkulluk, aldiz, alderdi sozialista. Antonio Basagotik, berriz, Bilduri zein EAJri egin dizkie kritikak, hauteskunde legea erreformatzeko asmoaren harira.
Iñigo Urkulluren artikuluaren abiapuntua alderdi sozialistaren eta PPren arteko harremana da. «Judu konbertituek Errekonkistaren garaian egin zuten bezala, Patxi Lopezek eta alderdi sozialistak arbuiatu egin dute boterea eman ziena eta urteotan gobernatzea ahalbidetu diena». Horren harira, Urkulluk gogorarazi du 2009ko hauteskundeak baino ordu batzuk lehenago Patxi Lopezek esan zuela ez zuela PPrekin sekula hitzamenik egingo. Horregatik, Urkulluren ustez, orduan hasitako zirkulua egunotan ari da ixten. «Herrizaingo sailburuak, Ares jaunak eman dio azken ukitua zirkulu horri. Duela ordu batzuk EAJri leporatu dio ETAren existentziaz baliatzea etekin politikoak ateratzeko». Urkulluren ustez, Ares Basagoitiren arrastoan ari da, PPko buruzagiak, duela egun batzuk, «ETAk egindako garbiketa etnikoaz» baliatzea egotzi baitzion EAJri.
Urkulluk gogoeta horiek egiten zituen bitartean, Basagoiti aurreneko egunetako ildo bereko kritikak argitaratzen ari zen bere blogean EAJren kontra, alderdi jeltzaleak hauteskunde legearen erreforma iruzurtzat jotzeagatik. ETAren mehatxuagatik jendeak Euskal Herritik alde egiten zuenean «isilik» egotea eta «beste alde batera» begiratzea egotzi dio Basagoitik EAJri.
«EAJren hitzek errua eta beldurra ezkutatzen dute», idatzi du Basagoitik blogean. «ETAren terrorismoak Euskaditik egotzitako herritarrek seinalatzearen beldurra ezkutatzen dute. Urtetan isilik egon zirelako, ETAren mehatxuak euskal errolda filtratzen zuen bitartean beste alde batera begiratu zutelako. Orduan gobernatzen zutelako». Are gehiago, Basagoitik dio EAJ kezkatuta dagoela alde egindakoek ez dietelako lagunduko alderdi jeltzalearen hauteskunde interesei. «Gaur egun, EAJ bere iraganaren, beldurren eta erruaren gatibu da», erantsi du PPko buruzagiak.
Bildu ere kritiken jomugan
Bildu hauteskunde errolda aldatzearen kontra azaldu izana ere kritikatu du Basagoitik blogean. «Bilduren arbuioak ez nau harritzen. Euskal herritar horien egoztearen erantzule zuzenak dira. Euskadi independentearen proiekturako, herritar deserosoak dira oraindik ere». Basagoitiren ustez, EAJ Bilduren jarrerak baldintzatuta dago. «Bakeak exijituko dio EAJri Bildutik aldentzea eta jarrera ausartago eta arduratsuagoa izatea».
Basagoitik Bilduri buruz egindako kritikei Ikerne Badiola Eusko Alkartasuneko komunikazio arduradunak erantzun die. «Basagoitiren purrustadak haren arduragabekeria adierazten du», nabarmendu du Ikerne Badiolak, prentsa ohar baten bidez. «Ez dugu onartuko erreforma alderdikoi bat defendatzeagatik EAren ibilbide demokratikoa auzitan jartzea». Badiolaren ustez, PP Bilduren kontra etengabe aritzeak frogatzen du independentismo aurrerakoi eta ezkertiarra bide zuzenean ari dela».
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere parte hartu du hauteskunde erreformaren inguruko eztabaidan. Pastor kexu da PP estrategia politiko baterako erabiltzen ari delako alde egindakoen botoa, baina ez du eman kontrako iritzirik. «Ez diogu uko egiten erreforma horretaz hitz egiteari, baina mahai batean jarrita, soseguz, orain arte dagoena publizitate ikuskizuna baita, eta bada garaia PPk alde batera uzteko jarrera hori». Pastorrek dio alde egin behar izan zutenek, nahi badute, bozkatzeko eskubidea izan beharko luketela.
«ETAren mehatxuaren» aurrean «isilik» egon izana egotzi dio Basagoitik EAJri
Urkulluk zalantzan jarri du PSE PPtik benetan aldendu izana, eta Aresi Basagoitiren arrastoan ibiltzea egotzi dioBasagoitiren ustez, bakeak exijituko dio EAJri Bildutik urruntzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu