ETAren su-etena egiaztatzeko bitartekoak aztertu ditu HNTk

Brian Currinen taldeak azaldu du «alde guztiek» biktimen minarekin bat egitea dela gatazka konpontzeko oinarrietako bat'Bateragune auziko' epaia «etsigarria» dela dio, eta Sortu legeztatzeko eskatu du

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
ETAren su-etena egiaztatzeko«nazioarteko bitartekoak ezartzeko prozesua» aztertu du HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Euskal Herrian egin duen egonaldian. ETAk su-etena iragarri zuela urtebete igaro denean bildu da Brian Currin abokatu hegoafrikarrak koordinatzen duen taldea, eta su-etena egiaztatzeko bidean aurrera egiteko asmoa duela berretsi du. Duela sei hilabete, su-etena egiaztatzeko «mekanismo informal» bat onartzeko prest azaldu zen erakunde armatua, Gara egunkariak martxoaren 27an kaleratutako agirian azaldu zuenez. Espainiako Gobernuak, aldiz, uko egin dio gisa horretako mekanismoetan parte hartzeari, modu ofizialean behintzat, eta lan hori Estatuko Segurtasun Indarrei dagokiela adierazi du.

Harremanetarako Nazioarteko Taldea Euskal Herrian izan da azken bi egunetan, eta hainbat bilera egin ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuetan. Komunikabideei igorritako oharrean ez du jakitera eman zein eragilerekin izan den. Publiko egin duen bilera bakarra herenegun Donostiako Bakearen Etxean Gipuzkoako hiriburuko alkate eta alkate ohiekin eginikoa izan da —Odon Elorza sozialistak uko egin zion bertan parte hartzeari—. Taldearen helburua normalizazio politikoa «bultzatzea, erraztea eta sustatzea» dela gogoratu dute.

Ohorra gaztelaniaz eta ingelesez idatzita dago, eta jakinarazi dute biktimen gaia izan dela bileretako «eztabaidagai nagusia», eta taldeak gai horren inguruan duen iritzia berretsi dute. Oharrean nabarmendu dutenez, «gatazkako alde guztiek onartu eta enpatizatu behar dute indarkeriaren biktimek jasan duten sufrimenduarekin, gatazka konpontzeko oinarrietako bat delako hori».

«Kezkatuta»

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek beste hiru gai landu dituztela dio oharrak. Su-etena egiaztatzeko bitartekoak aztertu dituzte, Sorturen legeztatzea eta Bateragune auziko epaia.

Brian Currinek koordinatzen duen taldeak uste du Sortu legeztatzeak «ekarpena» egingo liokeela normalizazio prozesuari, «datozen hauteskundeen testuinguruan bereziki». «Indarkeria errefusatzen duten alderdien legeztatzea urrats garrantzitsu bat da bizitza demokratikoan parte hartzea bidezkoa izan dadin», nabarmendu du.

Bateragune auziari dagokionez, epaia «etsigarria» dela adierazi dute taldeko kideek, eta auziak Auzitegi Gorenean izan dezakeen bilakaerak «kezka» eragiten diela nabarmendu dute.

Independentistei hitza eman

Bestalde, Federico Mayor Zaragoza Unescoko presidentea izandakoa «independentistei hitza ematearen» alde azaldu da. «Independentistei hitza eman behar zaie Espainian, baina baldintza batekin: indarkeriarik eza», adierazi du Bilbon eginiko hitzaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.