ETAk urtarrilaren 8an indarrean jarritako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria Euskal Herriarentzako bakerako urrats garrantzitsutzat ulertu behar da, eta, bakea lor dadin, Europako Batasunak lagundu egin behar du, Europako Parlamentuko Friendship taldeak atzo nabarmendu zuenez.
«Su-eten honen garrantzia azpimarratu nahi dugu. ETAk Bruselako Adierazpenari eta Gernikako Akordioari erantzun die. Erantzun positibo honek Nazioarteko Kontaktu Taldea lanean has dadin ahalbidetzen du», adierazi zuen Friendship taldeak, Estrasburgon eskaini zuen prentsaurrekoan.
Taldearen izenean, Sinn Feineko eurodiputatu Bairbre de Brun-ek irakurri zuen Friensdhipen agiria. François Alfonsi, Catherine Greze, Oriol Junqueras Vies eta Tatjana Idanoka parlamentari europarrak ere egon ziren, eta hitza ere hartu zuten.
Madrilekin «desengainatuta»
Friendship taldeak «desengainua» hartu du ETAren su-etenari Espainiako Gobernuak eman dion erantzunarekin. Hain zuzen ere, azken egunetako atxiloketekin «errepresioa indartzea» leporatu diote, eta era berean Espainiako Gobernuaren erantzun ofiziala eta aurreko meniei eginiko erreferentziak deitoratu dituzte.
Taldekideen arabera, egungo testuinguru politikoa eta iraganekoak guztiz desberdinak dira. «Aldaketa estrategiko sakona dago politiko-militarretik politikora» azaldu zuen Cahterine Grezek. Alfonsiren ustez, Espainiako Gobernuaren «eszeptizismoa» ulergarria izan daitekeen arren, ez luke gatazkaren konponketa blokeatu behar, eta ireki den bakerako aukera aprobetxatu beharko luke, seinaleen bidez.
Seinale horiek Brunek irakurritako agirian zedarritzen dira. Hain zuzen ere, ezker abertzalea legeztatzeko eskatu dute, batetik, «irekiko den alderdien arteko elkarrizketa prozesuan parte har dezan» eta kartzela eta segurtasun politikak egoera berrira egokitzeko eskatu dute, bestetik, «gatazka konpontzeko tresna gisa erabili ahal izateko eta ez hura iraunarazteko».
Europako Batasunak Euskal Herriko bake prozesuan esku hartu behar duela ere argi dakusa Friendship taldeak. «Ez dugu ahaztu behar Euskal Herrira bakea eramatea Europaren bihotzera bakea eramatea dela». Friendshipen arabera, Europako erakunde guztiek jokatu beharko lukete ireki den prozesu berri horren alde.
'Peace' programa eredu
Horregatik, Europako Legebiltzarrak 2006ko urrian Europako Batzordeari emandako eginkizuna gogorarazi zuten atzo, Euskal Herrian bakea bultzatzeko beharrezko ekinbideak har zitzan eskatu baitzioten hautetsi europarrek Europako Batasuneko agintaritzari. «Areago, Europako erakundeek gatazka honen konponketarako ekiten eta prestatzen hasi beharko lukete», dio Friendshipek, eta Irlandako kasua jarri du adibidetzat «zailtasun handiko egoerak» iraultzeko Europak egin dezakeen ekarpen gisa. «Peace programa irlandarren berradiskidetzeko faktore funtsezkotzat jo izan da; euskal gatazkan ere berdin jokatu beharko luke Europak», azpimarratu du Friendshipek.
Herrialde eta alderdi politiko desberdinetako hamabost eurodiputatuk osatzen dute Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko Friendship taldea, eta duela bost urte sortu zen, 2006ko urtarrilean.
Polizia operazioak. Erreakzioak
ETAren su-etenari Madrilek emandako erantzuna deitoratu du Friendshipek
Euskal gatazka konpontzen laguntzeko eskatu dio eurodiputatu taldeak Europako Batasunari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu