«Bake iraunkorra» lortzeko ETAren jarduera armatua behin betiko amaitzea eta erakunde armatuak Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazka armatuaren ondorioez hitz egitea ezinbestekoa da Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzian bildu diren nazioarteko eragileen ustez, baina politikaz hitz egitea ere bai. Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak ebazpena publiko egin dute konferentziaren ostean, eta «eragile ez-bortxatzaile» zein ordezkari politikoei biltzeko deia egin diete, «gai politikoak eta gaiarekin zerikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritarrei kontsultatuz». Izan ere, beraien esperientziaren arabera, «gatazkak konpontzeko orduan» aztertu behar diren beste gai batzuk ere badira, eta elkarrizketa horiek egiteak «gatazkarik gabeko aro berria sortzen» lagun dezakeelakoan daude.
Nazioarteko eragileek serio hartu dute Euskal Herriko gatazka konpontzeko erronka. Horren adierazle da beraiek emandako aholkuak bideratzeko Jarraipen Batzorde bat osatzeko prest agertu direla. Argazki historikoa osatu zuten atzo Donostiako Bakearen Etxean. PP, UPN eta UPD ez gainerako eragile politiko eta sindikal guztiekin hiru orduko bilera egin ostean, seiek batera jaitsi zituzten Aieteko Jauregiko eskailerak, «fede onez», eta beraien herrialdeetan zein beste batzuetan gatazkak konpontzen izan duten esperientziaren arabera, «baliagarriak izan daitezkeen ideiak» emateko. Agiria sinatu duten seiak eskarmentu handiko pertsonak dira gatazken konponbideari dagokionez. Adams eta Powell, esate baterako, aurrez aurre aritu ziren Irlandako kasuan.
Esperientziak esperientzia, umiltasunetik lan egin nahi dute, eta, ezer baino lehen, argi utzi nahi izan dute ez datozela inori ezer agintzera: «Argi adierazi nahi dugu ez garela hona etorri ezer inposatzera eta inork ez dezala pentsa herri honetako herritarrei ezer agintzeko eskubidea edota autoritatea dugunik. Ez gara inor hemengo eragile ezberdinei eta beraien ordezkari politikoei zer egin behar duten esateko». Baina, gatazkak konpontzeko aukerak daudenean, haiek aprobetxatu egin behar direla azpimarratu dute behin eta berriz, eta une honetan Euskal Herriko gatazka behin betiko gainditzeko aukerak daudela uste dute, «euskal herritarren, haien ordezkari politikoen eta Europa zein nazioarteko komunitate zabalaren laguntzarekin».
Nazioarteko komunitateak aurretik egindako lanaren fruitua ikusi zen atzo Donostian. Sei eragile horiez gain, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko eta ETAren su-etena egiaztatzeko batzordeko kideek bultzada berria eman zioten abian den prozesuari. Sei erakunde, fundazio eta taldek antolatutako konferentzian —Berghof Foundation, Conciliation Resources, The Desmond and Leah Tutu Legacy Foundation, NOREF, Harremanetarako Nazioarteko Taldeaeta Lokarri— bildu ziren eragile gehienak baikor zirela nabarmentzen zen, irribarretsu sartu baitziren Bakearen Etxera, eguerdian hastekoa zen konferentziara.
Euskal Herriko eragileen iritzien berri jakiteko, haiekin hiru orduko bilera egin zuten antolatzaile eta eragileek, aurrena, eta Jarraipen Batzordea sortzeko prest agertu zen seiko taldeak «bake iraunkorra» lortzeko balio dezaketen hiru eskaera, iradokizun bat eta beraiek lanean jarraitzeko prestutasuna agertu zituzten. Ahernek irakurri zuen seiek adostutako agiria, jauregiko zelaian, aurretik bileran ziren eragileek eta 70 komunikabide baino gehiagotako kazetariek adi-adi entzuten zutela.
«Bideragarri eta eskuragarri»
Hiru eskaera egin dituzte: ETAri jarduera armatua betiko uzteko; hori gertatuta, gobernuei erakunde armatuarekin gatazkaren ondorioez elkarrizketak abiatzeko, eta eragileei politikaz aritzeko bilerak egiten hasteko. Horrez gain, Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna agertu dute.
Horretaz gain, urte luzeetako gatazkak eragindako biktimen egoeraz ere kezkatuta agertu dira. «Zauri pertsonalak eta sozialak» sendatzeko «eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta horien laguntza, eta adiskidetzean aurrera egiteko urrats sakonak egiteko» eskatu dute.
Ebazpenak dio «Europako azken konfrontazio armatua» betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta une honetan hori posible dela. Hala ere, badakite «bortxakeria eta gatazka egoera konpontzea eta bake iraunkorra erdiestea» ez dela erraza. Ausardia eta «arriskuak hartzeko borondatea» behar-beharrezkotzat jotzen dute, baina ez hori bakarrik: «Konpromiso sakonak, eskuzabaltasuna eta estatuburu sena» ere behar direla diote.
Gorrotoa alboratu behar dela ere ohartarazi dute sei sinatzaileek, eta adiskidetzearen aldeko indarra gailendu behar dela.
Nazioarteko ordezkariak Iñigo Urkullurekin, Jesus Egigurenekin eta Rufi Etxeberriarekin batzartu ziren bilera amaitu baino lehen, ondorioen berri aldez aurretik emateko.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Ebazpena
ETAri armak uzteko, gobernuei negoziatzeko eta alderdiei hitz egiteko eskatu diete Donostian
Nazioarteko konferentzian lau argibide zehatz egin eta Jarraipen Batzordea eratzeko prest agertu dira nazioarteko eragileak«Bake iraunkorra» eskuratzeko politikaz ere hitz egin behar dela nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu