EAJk eta EAk osatzen dute gobernu taldea Elgoibarren; zazpi eta hiru zinegotzirekin, hurrenez hurren. PSE-EEk lau zinegotzi ditu, EB-Aralarrek bi eta PPk bat. EAE-ANVren zerrenda baliogabetu egin zuten; boto baliogabe guztiak kontuan hartuz gero, bigarren indarra litzateke EAE-ANV Elgoibarko udalbatzarrean, hiru zinegotzirekin, PSE-EEk baino boto gutxi batzuk gehiagorekin.
Elgoibarko Udalak, atzo onartutako ebazpenean, ETAk «Alderdi Sozialista izutzeko egin duen saioa erabat onartezina eta jasanezina» dela adierazi du. Atentatua «gogor» salatu du, eta Elgoibarko PSE-EEko zinegotziei, afiliatuei eta militanteei «babesa eta nahitasuna» adierazi die. Atentatuaren ondorioz kalteak jasan dituzten Urasandi auzoko bizilagunei ere elkartasuna adierazi die Udalak.
Atentatuaren aurka egindako mobilizazioetan parte hartzeko ere eskatu zien Udalak herritarrei; hain zuzen ere, atzo eguerdian udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean eta iluntzean PSE-EEren egoitzaren aurrean egindakoan.
BI ELKARRETARATZE.150 lagun inguruk hartu zuen parte eguerdikoan, eta han izan ziren, udalbatzako kideez gain, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea, Manuel Huertas, Elvira Kortajarena, Alberto Buen eta Ernesto Gasco PSE-EEko buruzagiak eta Gipuzkoako EBko koordinatzaile nagusi Antton Karrera.
Iluntzean PSE-EEren Elgoibarko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, alderdi politikoak batzera derrigortuta dela adierazi zuen Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, eta alderdien interesen gainetik ETAren aurkako borrokan «denek elkarrekin» egitea badagoela.
Alderdien arteko batasuna atentatuaren gaitzespenera ez dela mugatu behar esan zuen, «ezta biharamuneko elkarretaratzera ere». Patxi Lopezen hitzetan, batasunaren funtsa zera da: «ETAri aurre egiteko zuzenbide estatuaren tresnen defentsan jarrera iraunkorra izatea alderdi demokratiko guztiek».
PSE-EEko kideek ez dutela etsiko ere esan zuen Lopezek: «Inork ez digu eragotziko ahotsa altxatzea, are gutxiago euskal gizartearen gehiengo handiak erabat arbuiatzea besterik lortu ez duen faxista talde batek».
Iluntzeko kontzentrazioan izan ziren, bostehun herritar ingururekin batera, Patxi Lopez, Jesus Egiguren eta Miguel Buen PSE-EEko buruzagiak, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua, Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia, Regina Otaola PPko batzarkide eta Lizartzako alkatea eta Rebeka Ubera Aralarreko batzarkidea.
«PATU BAKARRA».Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak gogor hitz egin zuen ETAren kontra PSOEko zuzendaritzaren bileraren ostean. ETAko kideen «patu bakarra» kartzela dela ziurtatu zuen, eta «bataila hau» galdu egingo duela, «duela lau hamarkadatik bataila guztiak galdu dituen bezala».
UGT-Euskadik ere, atzo plazaratutako ohar baten bidez, atentatua gaitzetsi du, baita Nafarroako Parlamentuak ere, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako idatziaren bidez.
«ETAk Alderdi Sozialista izutzeko egindako saioa erabat onartezina eta jasanezina da»
ELGOIBARKO UDALA
«Inork ez digu eragotziko ahotsa altxatzea,are gutxiago faxistatalde batek»
PATXI LOPEZ
PSE-EE-KO IDAZKARI NAGUSIA
Amonala eta nitrometanoa zituen ETAk Elgoibarren jarritako lehergailuak
Atentatuagatik 25 edo 30en bat herritarrek jasan dituzte kalte materialak,Udalaren araberaAGENTZIAK
Amonala ez ezik, nitrometanoa ere bazuen ETAk Elgoibarko PSE-EEren egoitzan jarritako bonbak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez. Leherketari indar handiagoa emateko baliatu dute nitrometanoa, iturri berberen arabera. Hiru kilo ingurukoa zen lehergailua.
PSE-EEk Elgoibarko Urasandi kalean duen egoitzaren aurrean ETAk jarritako lehergailuak herenegun goizaldeko 03:25ean egin zuen eztanda, eta kalte material handiak eragin zituen, batez ere egoitzaren barruan. Ordubete lehenago, Bizkaiko DYAra egindako telefono deiaren bidez, Elgoibarko egoitza sozialistaren aurrean lehergailua jarri zuela eta 03:30ean lehertuko zela ohartarazi zuen pertsona batek, ETAren izenean. Ertzaintzak egoitzaren ingurua itxi eta gertu zeuden bi etxeak jendez hustu zituen, lehergailua non zegoen ere atzeman zuen, eta ondoren, 03:25ean, bonbak eztanda egin zuen. Kalte handienak egoitza barruan eragiteko moduan prestatua zegoen lehergailua, kanpoaldean kalte arinak eragin baitzituen barrualdearen aldean.
BIGARRENA 72 ORDUAN.Elgoibarko Udalak uste du 25 edo 30en bat herritarren ondasunei eragin dizkiela kalte materialak herenegungo leherketak.
PSE-EEko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, lehendik ere hainbat aldiz eraso diote Elgoibarko egoitzari, batzuetan molotov koktelen bidez, eta azkena, joan den abenduan, egoitzaren aurrean pneumatiko bati su emanda. Egoitzako tabernak hiru hilabete zeramatzan itxita, bertako arduraduna hil zenetik beste inork hartu ez zuelako.
Iazko ekainetik, su-etena hautsi zuenetik, ETAk lau atentatu egin ditu PSE-EEren egoitzen aurka, azken biak 72 orduren barruan: iazko abenduaren 24an Balmasedan, joan den otsailaren 29an Derion, joan den ostegunean Bilboko Abusu auzoan eta herenegun Elgoibarren. Lauetan, aurrez telefono bidez abisua eman du ETAk.