politika

ETAri "su-eten iraunkorra" emateko eta Espainiari "behar bezala erantzuteko" eskatu diete nazioarteko hainbat eragile ezagunek

Su-etena nazioarteko batzorde independente batek "benetan" egiaztatuko luke. Ezker abertzalearen apustua "goraipatu" egin dute. Brian Currin, Bakearen lau Nobel saridun, Irlanda iparraldeko bake prozesuan parte hartu duten kideak, Nelson Mandela Fundazioa... daude euskal gatazka konpontzearen aldeko adierazpena aurkeztu dutenen artean.

2010eko martxoaren 29a
19:05
Entzun
Gatazka armatu eta politikoen konponbide prozesuetan ezagunak diren nazioarteko 21 eragilek ETAri "su-eten iraunkorra" emateko eskatu diote. Erakunde armatuak ezker abertzaleak barne eztabaidaren ondotik hartutako bideari segitu beharko lioke, haien ustez, eta su-eten hori nazioarteko batzorde independente batek "benetan" egiaztatuko luke. Bruselan jakinarazi dute eskaera, gaur eguerdian, Europako Parlamentuan.

Era berean, Espainiako Gobernuari ezker abertzaleak egindako apustuari "behar bezala erantzuteko" galdegin diote. Hala, horrek "bide emango luke beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko, desberdintasunak konpontzeko eta bake iraunkorra lortzeko". Brian Currinek agerraldian aipatu du bere ustez, besteak beste, alderdi independentistak legeztatzea eta euskal presoak Euskal Herrira gertaturatzea liratekeela bi aurrerapauso. Hala ere, ahalegin horiek ETAren indarkeriaren bukaera ez balukete ekarriko, ezker abertzaleak indarkeria gaitzetsi eta armak erabiltzearen alde daudenengandik "bereizi" egin beharko luke, haren iritziz.

Azken batean, euskal gatazka konpontzearen aldeko adierazpena da aurkeztu dutena, eta eragile horien artean daude Currin bera -Euskal Herrian Eztabaida eta Bakea sustatzeko nazioarteko ekimeneko kidea da hegoafrikarra-, Bakearen lau Nobel saridun -Desmond Tutu, Frederick de Klerk, John Hume etaBetty Williams-, Irlanda iparraldeko bake prozesuan parte hartu duten kideak -Albert Reynolds Irlandako lehen ministro ohia, Jonathan Powell Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteburu izandkaoa-, Nelson Mandela Fundazioa...

Gatazka konpontzeko bidean ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria adierazpena garrantzitsua dela deritzote, "soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen alde" egiten duelako. Ezker abertzaleak iragarri du "prozesu demokratikoa" abiatu nahi duela; "euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da". ETAri "prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak" hartzeko eskatu berri dio.

Currin bera Euskal Herrian izan da azkenaldian, eta ezker abertzalearen apustua ondo baloratu izan du. Gaur hura izan da agiria irakurri duena; alboan izan du Frieda Brepoels europarlamentaria.Hegoafrikan, eta Ipar Irlandan eta Ruandan bitartekari aritu izan da Currin.

Gaurko agerraldia Europako Legebiltzarrean egin izanari garrantzia eman dio bitartekari hegoafrikarrak, eta Europako Batasunari eta bertako herrialdeei eskatu die aitor dezatela ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpenaren bidez "aurrera" egin duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.