ETAtik aldentzen ez dena ez du hurbildu nahi PPk

EAEko espetxeak lehenetsiko ditu Barne Ministerioak, presoen «gizarteratze» planean zehaztu duenez

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Barne Ministerioak argitara eman du «terrorismo delituak egin dituzten presoak gizarteratzeko» landu duen programa. Sei orritako dokumentua da, eta Internet bidez kaleratu du ministerioak, herenegun iluntzean. Presoek biktima «zuzenei» barkamena eskatzeko aukera izango dute horren arabera, betiere biktimak nahi badu. Horretarako, presoaren eta biktimaren arteko bilerak egitea proposatu du Barne Ministerioak. Barkamena eskatzea ez da baldintza izango presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko, baina bai hirugarren gradua eta gisako onurak lortzeko. Hala ere, Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko «legezko beste betebehar batzuk» exijituko dizkiete presoei. Adibidez, indarkeria errefusatzen dutela frogatzea eta «talde kriminaletik banantzea».

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren sailaren arabera landu duten plan berria ETArekin, GRAPOrekin, talde jihadistekin edo antolatutako taldeekin harremana izan duten resoentzat diseinatu dute, baina, dokumentuan zehaztu dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eta horien «gertuko» espetxeek izango dute plan hori ezartzen «lehentasuna». Alegia, euskal presoentzat landu dute bereziki.

Programari jarraitzea «borondatezkoa eta indibiduala» izango da, idatzian jaso dutenez. Parte hartzea erabakitzen duten presoek eskolak jasoko dituzte «bizikidetzarako balioen» inguruan, eta lana aurkitzeko laguntza jasoko dute, aske geratzen diren egunerako.

Barne Ministerioaren programaren helburua ere zehaztu dute dokumentuan: presoaren bilakaera benetakoa den ziurtatzea eta bere hitzen eta bere jarreren arteko «koherentzia» egiaztatzea. Halaber, aske geratzen denerako «prestatu» nahi dute presoa, «indarkeria terrorista justifikatzen dutenek haiekiko erakusten duten estigmatizazioari aurre egin ahal izateko».

Beste istripu bat

Euskal presoen senide eta lagunek beste istripu bat izan dute. Herrira mugimenduak jakinarazi duenez, Eider Perez Errenteriako presoa ikustera zihoazen lagunek istripua izan zuten astelehenean, Briviesca inguruan zirenean (Burgos, Espainia). Gurpil bat lehertu zitzaien. Onik atera ziren, eta Kordoban zuten bisitara heltzea lortu zuten.

Herrira-k salatu duenez, larunbataz geroztik «sakabanaketa politikak eragindako» laugarren istripua izan da hori. Horietan zazpi senide eta lagun zauritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.