NOIZ ETENGO DUTE EMISIOA?
EITBk gaur bertan etengo ditu emisioak Nafarroan, Espainiako Industria Ministerioaren mehatxuen ondorioz. Itzalaldia erabatekoa izanen da, ETBren lau telebista kateei eraginen baitie. Seinale digitala eta analogikoa itzaliko dituzte, gainera.
NON IKUSI AHAL IZANGO DA?
Aukera gutxi izanen dituzte nafarrek ETB ikusten segitzeko. Internet bidez, Eitb.eus webguneak aukera ematen du ETB Sat katea zuzenean ikusteko, edota Nahieran atalean, programa solteak aukeratzeko; baina nafarrek atzo arte jaso izan duten eskaintzatik urrun dago hori. Bestalde, Leitzako, Baztango edota Nafarroa hegoaldeko zenbait etxetan, ETBren seinalea lurreko telebista digital bidez jasotzen segituko dute, Gipuzkoatik edota Errioxatik iristen diren uhinei esker.
BESTE KASU BATZUK
ETBren emisioek legea urratzen dutela nabarmendu dute UPNk eta PPk, baina beste hainbat telebista katerekin gertatzen da horixe bera, eta inork ez du espantu handirik egin. Aragon TV katea, esate baterako, Nafarroa hegoaldeko hainbat eremutan ikusten da arazorik gabe. Era berean, Errioxan eta Aragoin ere jasotzen dute ETBren seinalea.
ZEIN DA LEGEZKO EGOERA?
EITBren emisioak behin-behinean zeuden Nafarroan. Ezkaba eta Erreniega mendietan hedagailuak paratuta, Iruñerri osora iristen zen seinalea atzo arte —hor bizi dira Nafarroako biztanle gehienak—. Bi arazo ditu egoera horrek, ordea: inori kalte egiten ez dion arren, sistema «alegala» dela eta Nafarroako eremu askotan ez dutela seinalea behar bezala jasotzen.
ITUNA NAHIKOA AL DA?
Ez. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak heldu den astean sinatuko duten ituna lagungarri izanen da auzia konpontzeko bidean, baina azken erabakia Espainiako Industria Ministerioaren esku egonen da. Hark erabakiko du EITBri Nafarroan emititzeko lizentzia ematen dion ala ez.
ZEIN DIRA AUKERAK?
Lurreko telebista digital bidez emititu ahal izateko lizentzia edo multiplexa lortzea da ETBren emisioa bermatzeko aukerarik onena, baina Madrilek baimendu behar du hori. Gainera, erabakitzeke dago nork ordaindu beharko lukeen sistema horrek duen kostu handia. Efe berri agentziaren arabera, tokiko telebistei dagozkien multiplexak erabiltzeko aukera aztertzen ari da Nafarroako Gobernua, alternatiba gisa. Plan teknikoa eta ekonomikoa garatzea faltako litzateke.