Politika

ETB2ko eguerdiko Teleberria eten dute, gazte bat 'No apartheitb' idatzitako pankarta erakutsiz sartu delako

ETB2 telebista kateko eguerdiko albistegia— hau da, Teleberri-1 saioa— zuzenean ematen ari zirela, 'No apartheitb' leloa idatzita zeukan pankarta batekin sartu da gazte bat platora, eta EITBko arduradunek eten egin dute, une batez, albistegia. Halaber, gogor salatu dute pertsona horren ekintza, eta haren kontra salaketa jarriko dutela iragarri dute. Dena den, SA Sozialista Abertzaleak taldeari egotzi diote EITBko buruek gaurko gertakariaren ardura nagusia: gazteak erakutsitako lelo berarekin hasitako kanpainaren ondorio dela diote. Ekintza egin duten gazte erretenituta daukate oraindik.

2004ko martxoaren 5a
18:39
Entzun
Batasunaren inguruko ezker abertzalearen iduriko, EITB EAEko telebista eta irrati publikoak ez du zuzen jokatzen eurekin; aitzitik, baztertu egiten dituztela uste dute, eta, jardun hori salatzeko kanpaina egiten ari dira azkenaldian. Hala, 'No apartheitb' goiburu hartuta, zenbait elkarretaratze egin dituzte EITB taldeko irrati eta telebisten egoitzen aurrean.

Gaur eguerdiko Teleberria ematen ari zirela platora sartu den gazteak elkarretaratze horietan erabilitako lelo bera zeukan pankarta erakutsi du; hau da, 'No apartheitb'.

EITBko zuzendaritzak gaztea platoan sartu denean emisioa etetea erabaki du.

Halaber, gogor kritikatu du gaurko gertakaria. Batetik, ekintza egin duen gaztearen aurka salaketa jarriko dutela iragarri dute. Bestetik, SAko buruzagiak egin dituzte jazotakoaren arduadun. EITBk helarazitako prentsa ohar batean esaten denez, "Sozialista Abertzaleak taldeko buruzagiek EiTBko langileen kontra hasitako presio onartezineko kanpainaren haritik" sortu da ekintza hori, eta SAren "dinamika obsesibo eta jasanezina" salagarria dela azpimarratu du. "Esandakokanpainari EiTBren Iurretako eta Miramoneko egoitzen aurrean egindako bi bilkurekin ekin zitzaion, eta Arnaldo Otegik eta Joseba Permachek orduan egindako adierazpen erasokorrek gaurko moduko ekintzak bultzatu dituzte", dio EITBren oharrak.

Hala ere, ildo editoriala eta hauteskunde kanpainaren jarraipena egiteko modua ez dituztela aldatuko nabarmendu dute EAEko telebista eta irrati publikoetako arduradunek: "Jarraipena egiteko modua Administrazio Kontseiluko kide guztiek onartu zuten, kontrako boto bakarrarekin. Akordioaren irizpidea, oraingoan ere, EiTBk 20 urtean izan diren hauteskunde kanpaina guztietan erabili duen irizpide bera izan da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.