komunikabideak

ETBko bi langileri zigor espedienterik ez dietela egin dio Urgellek, bi "oharrarazpen" baizik

Patxi Lopezek EITBko zuzendaritza babestu du, eta "orain arte ez bezala", EITBko agintariak Eusko Jaurlaritzaren diziplinatik kanpo daudela goratu du. EAJk, Aralarrek eta EAk gogor salatu dute komunikabidearen egungo egoera.

2010eko azaroaren 19a
16:18
Entzun
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak ukatu egin du gaurko osoko bilkuran ETBko bi langileren zigor espedienterik egon dela; baizik eta "bi oharrarazpen", sailburuaren irizpideari "jaramon ez egin izanagatik". Urgellen arabera, albistegiko erredaktoreari ez zitzaion testurik inposatu, berak idatzitako gidoi baten zirriborro bat erakutsi baizik; eta gidoi horri egin zion uko.

Juango Agirrezabala EAko bozeramailea, baina, ez dago ados. Ekintza larriak direla salatu du, eta erredakzioko egoera "itogarri" bihurtu duela zuzendaritzak.

ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek esandakoaz -"ezker abertzaleak eta EAJko sektore erradikal batzuek EITBri su ematen" ari direla- galdetu dio Patxi Lopezi Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak. Lopezek berretsi egin ditu Idigorasen adierazpenen gehiengoa, eta gaineratu du ETBn badagoela "langile onak diren gehiengo bat, baina, beste batzuek zarata atereaz gehiengo horren lana ezkutatzen" dutela. Salatu duenez, "EITBri boikota egitea eskatzen duten lekuak daude, ikus-entzuleak erakunde pribatuetara kosta ala kosta eramateko".

"Baliteke zuzendaritza berria gogoko izatea edo ez, baina onartuko duzue alderdi politiko batek zuzendaritzaren gainean zuen indarra eten dugula. Orain artekoa eskandalagarria zen" adierazi du hainbat alderdiren galderez babesteko. "Egungo EITBko zuzendaritza ez dago gobernu diziplina bati lotuta, ez aurreko zuzendaria bezala. Andoni Ortuzar egun EAJko lehendakaria da Bizkaian".

Lopezek dion independentzia hori PSE-EE eta PPren arteko oinarrizko akordioarekin nola uler daitekeen galdetu dio Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak, eta gogoraratu dio albistegiak ez dutela "pedagogiarik egin behar", baizik eta "albisteen berri eman, iritzirik isilarazi gabe, horiek legez kanpokoak izan arren". Lopezen erantzuna, "albistegiak legez kanpokoaren bozgoragailu ez direla izango da zuri min egiten dizuna".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.