Nafarroan Euskal Telebistaren emisioa eteteko Espainiako Industria Ministerioak emandako agindua "bertan behera uzteko" eskatu dio Euskaltzaindiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosi ere gutun bana bidali die, eskaria luzatuz: "Zuen esku dagoen guztia egin dezazuen Euskal Telebistaren emisioak lehenbailehen berreskura daitezen Nafarroan".
Maiatzaren 5ean EiTBk ETBren seinalea itzali zuen Nafarroan. Aste bi lehenago, apirilaren 21ean, ETBren emisioa eteteko agindu zuen Espainiako Industria Ministerioak, UPNren gobernuak jarritako salaketa baten ondorioz; horrela ez egitekotan "ekipoen eta instalazioen zigilatzea" agindu zuen Madrilek. Agindua bete eta hilaren 5etik aurrera ezin izan da ikusi ETB ia Nafarroa osoan.
Ordutik hona, gizarteko hainbat sektorek emisioa etetea salatu eta auzia lehenbailehen konpon dezatela eskatu dute. Horiekin guztiekin bat eginda, Euskaltzaindiak beste horrenbeste egin du orain.
Hala, Rajoyri igorritako gutunean, euskarazko komunikabideen garrantzia azpimarratu du Euskaltzaindiak: “Euskara komunikabideetan egotea ezinbestekoa da euskara erabili eta garatzeko eta, aldi berean, herritarren eskubide ukaezina da komunikabideen eskaintza berezko hizkuntzetan hartzen dela bermatzea; eskaintza hori herritarrek bizitokia duten autonomia erkidegotik har dezakete edo hizkuntza hori bera berezko eta ofiziala duen beste erkidego batetik. Nafarroan bizi direnei dagokienez, eskubide hori bermaturik gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoko telebistak egiten dituen emanaldiekin”.
Horiek horrela, Espainiako Industria Ministerioaren aginduak “nafar herritarrei eskubide bat ukatzen” diela azpimarratu ondoren, agindu hori bertan behera uzteko eskatzen du Euskaltzaindiak.
Bestalde, Urkulluri eta Barkosi igorritako eskutitzetan, Euskaltzaindiak bere kezka agertu du: "Agindu berri horren aplikazioak, ezbairik gabe, ondorio txarrak ekarriko dizkio euskararen garapenari eta normalizazioari”. Euren esku dagoen guztia egin dezaten eskatu die. “Halaber -adierazten du Akademiak- espero izatekoa da bi erkidegoen artean sinatu berri den lankidetza protokoloa lagungarri izanen dela xede hori ahalbidetzeko”.