EUROPAKO KONSTITUZIOA

Etorkinak ez dituela aintzat hartzen salatu dute

Ezezkoaren Aldeko Ekimenak Bilbon egin duen ekitaldian immigranteei eskubiderik ez zaiela aitortzen adierazi du

Erredakzioa
BILBO
2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Etorkinei Europan eskubiderik ez zaiela onartzen salatu zuen Ezezkoaren Aldeko Ekimenak atzo Bilbon egin zuen ekitaldian. Eta immigranteek eskubide horiek eskuratzeko Europako Konstituzioak ez duela biderik ematen, salatu zuten. Hori dela-eta itunaren aurkako botoa eskatu zuten, eta horretarako egin zuten elkarretaratzea Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzaordearen aurrean.

Sonia Gonzalez Ezezkoaren Aldeko Ekimeneko bozeramaileak esan zuenez, Europako Konstituzioak ez die eskubiderik aitortzen Europa osatzen duten 25 estatuetatik kanpo etorritakoherritarrei. «Europako Batasunean bizi eta lan egiten duten 20 milioi immigranteak aberastasun iturria dira Europako herrialdeentzat, aberastasuna euren lanagatik, eta aberastasuna euren kulturagatik», adierazi zuen. Baina Europa «hesi eta kartzela» bihurtu nahi dutela salatu zuen, eta etorkinak «ezegonkortasunera eta esplotaziora kondenatu». Europako Konstituzioak «lan duinik izateko eskubiderik gabe, ezelango prestaziorik jasotzeko eskubiderik gabe, osasun zerbitzurako eskubiderik gabe, eta ahots eta boto eskubiderik gabe» uzten ditu, Gonzalezek adierazi zuenez.

Immigranteen aurkako kontrolak

Europako Konstituzioak aipatutako eskubide eta babesak jaso beharrean, ordea, etorkinei dagokionean bestelako eduki batzuk dituela salatu zuen, hain zuzen ere, mugak igarotzerakoan kontrol zorrotzak ezartzea,immigrazioaren aurkako neurriak eta abar.

Hori dela-eta, datorren igandean bozkatuko den Europako Konstituzioari ezetza emateko eskatu zuen. Itunak jasotzen dituen edukiekin bat etortzen ez diren indar politiko eta sozialek, Europa demokratikoago eta justuago baten alde egingo dutela ere adierazi zuen. Hain zuzen, «herrien Europa, kultur aniztasunaren Europa, eta bakea eta elkartasuna defendatzen dituen Europaren alde» egingo dutela adieraziz amaitu zuen Gonzalezek atzo agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.