Arartekoa. Urteko txostena

Etorkinei buruz uste okerrak hedatu direla dio Arartekoak

Atzerritarrak delinkuentziarekin eta gizarte laguntzen gehiegikeriarekin lotzen ari direla ohartarazi du Lamarcak, urteko txosteneanDiskriminazioaren kontra egiteko baliabide eraginkorrak galdegin dizkie erakundeei

Xenofobiaren aurka, manifestazioa egin zuten iragan larunbatean Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak sortutako egoerek baldintzatutako txostena aurkeztu du EAEko ararteko Iñigo Lamarcak, 2010eko jarduna hizpide hartuta. Etorkinei eta gizarte laguntzei buruz dauden uste okerrak salatzeari eman dio garrantzia, iritzi ezkorra hedatzen ari dela ohartarazita. «Alarmagarria» hitza erabili du. Krisi garaian gogortu egin da ezinikusia. Dirurik eza etxebizitzarako eskubidea urratzen ari dela ere nabarmendu du Lamarcak. Eta urtero aipatu behar izaten dituen arazoak ere hizpide ditu: berdintasunari lotutakoak, hizkuntz eskubideen ingurukoak eta atxilotuek inkomunikazioan jasotzen duten tratuari buruzkoak, kasu.

1. Etorkinak

Herritarrek atzerritarrekiko gero eta ezinikusi handiagoa dutela salatu du urteko txostenean EAEko Arartekoak: «Ikerketa zorrotzetan oinarrituta ez dagoen diskurtso sozial bat zabaldu da herritarren artean; alegia, immigrazioa delinkuentziarekin lotzen da, eta zerbitzu publikoak eta laguntzak gehiegikeriaz eta iruzur gisa erabiltzen dituztela esan ohi da». Ez da kontu berria hori, herritarrek uste izatea immigranteek aprobetxakeriaz jokatzen dutela gizarte laguntzekiko eta. Datua: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %68,8k uste dute etorkinek onura handiegiak lortzen dituztela gizarte babesetik. Ikuspegik azaleratu zuen hori, iazko barometroan. 2007an baino zortzi handiagoa da ehunekoa.

Herritarrek irizten diote laguntza gehiegi jasotzen dituztela etorkinek, eta horiek kentzera jo dute erakundeek. Lamarcak jakinarazi du aurrekoetan baino kexa gehiago jaso dituztela gizarte laguntzei buruz. Jasotzaileen salaketak izan dira, tramitazio garaia behar baino gehiago luzatu delako edo laguntzak kendu egin dizkietelako. Kontu hartzeko eskatu die arartekoak erakundeei: egiteko «agudo» laguntzak emateko paperak eta behar bezala zuritzeko laguntzak kentzeko arrazoia.

Diskurtso arrazistarekin kezka du Arartekoak, eta hori nondik sortzen den aztertzeko eskatu du. Kasua jarri du, laguntzen iruzurrei buruzkoa. Herritarrek jotzen dute pentsatzera etorkinek tranpa egiten dutela eskarietan. «Iruzurrei buruzko informazioek ekidin behar dute bizi duinerako eskubidearen jabe diren herritarrak estigmatizatzea», dio Arartekoak. Aurre egiteko eskatu du: «Atzerritarren garapena eta integrazioa zailtzen dituen elementu bat da baliabide eraginkorrik ez egotea diskriminazioaren kontra borrokatzeko». Immigrazioaren EAEko III. Plana onartzeko dagoela salatu du, eta Heldu zerbitzua kendu egin dutela gogorarazi.

2. Etxebizitza

Baliabide urrieneko herritarren aukerak gutxitu egin dira krisiaren ondorioz, eta horrek isla izan du etxebizitza izateko eskubideari erreparatuta, Arartekoaren esanetan. Erakundeek hartutako neurriak ez dira aski, haren ustez: «Alokairu babestuari zuzendutako baliabide publikoak handitu behar dira, baita errenta arrazoizkoagoak eta egonkortasuna bermatuko dutenak izatea ere». Bi batean egitea proposatu du Lamarcak: gizarte politikak uztartzea etxebizitzari buruzkoekin. Bidenabar, gogorarazi du gizarte bazterkeriak arrastoa baduela etxebizitzari dagokionez ere, ijitoen zailtasunak aintzat hartuta. «Krisia aukera gisa hartu behar da, etxebizitza programak eta politikak berritzeko».

3. Berdintasuna

«Etengabe eta ia bata bestearen atzetik» ari da jasotzen Arartekoa gizonen eta emakumeen parekotasuna urratzen duten egoerei buruzko salaketak. Jaiei erreparatu die aurten, ospakizunetan andreek leku gutxiago dutela nabarmentzeko. Tradizioa, hori dute aitzakia emakumeak baztertzeko, eta hori irauli nahi du Lamarcak: «Nahitaezkoa da tradizioak egokitzea eraikitzen ari garen berdintasunezko errealitatera». Andreak baztertzen dituzten jaiei zergatik ematen dieten babesa, kontu hartu die Arartekoak erakundeei: «Beharrezkoa da babesik ez ematea. Erakunde publiko guztiek aktiboki eta modu erabakigarrian esku hartu behar dute berdintasunezkoak diren jaiak sustatzen». Egitekoa jarri die, hartara: «Ez ahalbidetzea berdintasunezkoak ez diren jaiak antolatzea, eta horiek antolatzen ez laguntzea».

Gizonez eta andreez ari delarik, zaintza partekatuaren alde azaldu da Arartekoa, eta «pentsaera aldaketa bat» egiteko eskatu du, umeak zaintzea bikoteko bi kideen zeregina dela gogorarazita. Legeari dagokionez, pausoak ematera egin du dei, banandutako gurasoen artean «erantzukizun partekatua» egikaritzeko.

Haurren eta beste senideen zaintza lanarekin uztartzeko modua ere galdegin du Arartekoak. Erakundeek atzera bota izan dituzte lana eta familia batzeko egindako eskariak. Kasuak aztertzera egin du dei Lamarcak, eta, gutxienez, bateratze maila handiagoa lortzen saiatzera. Langile autonomoek lana eta sendia uztartu ahal izatea ere eskatu du.

Eta berdintasuna eskatu du familia ereduen artean ere, haien desberdintasunak gorabehera. Bikote homosexualek paperak egiteko zailtasunak dituztela salatu du Arartekoak, egokitu gabe daudelako homosexualen familia ereduetara. Lesbiana bikoteen kasuan, berriz, ugalketaren bidez jaiotako umeekin dute ezintasuna, amatasuna nori egotzi ez dakitelako maiz. «Egoera anbiguoa da», ziurtatu du Lamarcak.

4. Hezkuntza

Arartekoak kezka azaldu du 2 urte baino gutxiagoko umeentzako leku kopuruagatik: «Behar besteko hezkuntza eskaintza ziurtatu behar da», esan du. Ezintasunakdituzten ikasleen beharrak ere eskolan aurreikusi behar direla adierazi du, eta ume horiek integratzen ahalegindu behar dutela ikastetxeek. Aztertzeko proposamen bat ere agin du, gurasoek lana eta familia uztartzeko: eskola egutegia luzatzea. Gai hori kontuan hartzera egin du dei.

5. Hizkuntz eskubideak

Erakundeetan euskaraz ezin izan dutela aritu eta, kexak jaso ditu aurten ere Arartekoak. Teknologia berriak ezarri izanak ez du egoera konpondu, gainera: «Paradoxa ematen badu ere, administrazio zerbitzuak informatizatzeak arazoak sortzen ditu administrazioarekiko harremana euskaraz izan nahi duten pertsonentzat». Egoera konpontzeko betebeharra duela gogorarazi die Lamarcak erakundeei: «Ez da zilegi tresna hori, herritarrei zerbitzu hobea bermatu beharrean, herritarren eskubideak gauzatzerakoan eragozpen izatea». Justizia administrazioak, Herrizaingo Sailak eta osasun alorrak jaso dute salaketa gehien. Herritarrek euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko modua behar dutela dio Arartekoak. Erakundeek erantzun, «modu mailakatuan» lortu behar dela hori. «Planteamendua izan liteke zentzuzkoa, baldin eta 'modu mailakatuan' aplikatzea ez bada gauzak denboran berez aldatuko direla pentsatzea. Gauzak aldatzeko, esku hartu behar da»,adierazi du Lamarcak.

6. Ingurumena

Ingurumen gaiei buruzko informazioak gardenagoa izan behar duela uste du Arartekoak, herritarrek egitasmoei buruzko berri jakiteko eskubidea dutela kontuan hartuta. AHTarena jarri du adibidea. Esan du informazioa jasotzeko zailtasunak izan dituztela azpiegiturak erasaten dien hainbat herritarrek.

7. Inkomunikazioa

Azken boladako txosten guztietan bezala, polizia etxeetan tratu txarrak saihesteko neurriak ez dituztela betetzen salatu du Lamarcak. Besteak beste, erakundeei eskatu die hartzeko honako neurriak: ikus-entzunezko grabazioak sistematikoki egitea, abokaturik gabeko galdeketak ez egitea, konfiantzako medikuak aztertzea atxilotua eta polizien jarduera protokoloak egokitzea.

Poliziaren gehiegikeriei buruz kezka azaldu du Lamarcak, atzera berriro etorkinak gogoan hartuta. Haien jatorriagatik poliziek gaizki tratatu dituztela salatu dutenen kopuruak gora egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.