Victoria Mendoza, Euskal Herrian 12 urte daramatzan psikologo mexikarra, Garaipen Euskal Herriko emakume etorkinen elkarteko kidea da. Gizarteratzeaz eta gizarte bazterketaz ariko da bihar Gasteizko Gizarte Foroaren Inmigrazio atalean.
Askok etorkinak existituko ez balira bezala jokatzen dutela erran izan duzu.
Etorkinoi existitzea gustatuko litzaiguke, baina anitzetan eskubide hori ere ukatzen digute. Hona gatoz, hemen bizi gara, baina, antza, ezin ditugu hemengoen eskubide berak izan. Eta, jakina, horrek arazo asko eta asko sortzen ditu. Lehenbiziko arazoa hona ailegatzea da. Mafien bidez egiten dute etorkin askok, eta horrek gero etorkinaren bizitza baldintzatzen du. Hurrengo arazoa da etorkinek ezin dutela lanposturik lortu egoteko baimenik ez dutelako, eta egoteko baimenik ez dute lortzen kontraturik ez dutelako. Hortaz, askok kontraturik gabe lan egin behar dute; horrek esplotazio egoerak sortzen ditu. Adibidez, gaur jakin dugu hilean 125 euro kobratzen dituen neskame etorkin baten kasua.
Emakume eta etorkin izateak arazoak areagotuko ditu, ezta?
Bai, ezbairik gabe. Askoz ere aukera gutxiago ditugu, baina esplotatuak izateko arrisku handiagoa. Etorkin guztien arazoak ditugu baimenak, lana, etxebizitza...eta beste anitz ere. Adibidez, sexu erasoak jasaten dituzten emakume etorkin askok ez dute salaketarik jartzen egoteko baimenik ez dutelako, beldur direlako ez ote dituzten kanporatuko.
Emigrazioaren zama emakumeek eramaten dute?
Bai, nolabait. Emakumea da etortzen lehena, arriskatzen dena, gero familia ekartzeko. Hortaz, emakumeak gordinki pairatzen du gizarte ezberdinen arteko talka. Horregatik, badira gai asko emakumeekin landu behar direnak. Horietako bat euskara da. Gure elkartean indar handia egiten ari gara emakume etorkinek seme-alabak euskara ikastera eraman ditzaten. Euskara ikastea oso garrantzitsua iruditzen zaigu benetan Euskal Herriko gizartearen parte izateko. Baina hori lortzeko ez dugu beti beharreko sostengua.
Zer erran nahi duzu?
Etorkinok ez dugu beharrezko informazio guztia jasotzen, ez digute ongi azaldu zergatik den horren garrantzitsua euskara ikastea. Horregatik, etorkin askok ez dakite euskara dela Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta ez dakite zer-nolako borroka duen herri honek bere hizkuntzari eusteko. Etorkin askok ez diote euskarari garrantzirik ematen, askotan gaztelania ikasteko gonbita egiten zaielako soilik.
Euskara integrazio faktore bezala ikusten duzue, beraz.
Bai. Guk esperientzia profesionala eskaintzen ahal dugu, baina ez badugu euskararen garrantzia ikusten, ezin izanen dugu gizarte honen parte izan. Baimenik ez badugu, ez ditugu eskubide berak; eta horretaz aparte, hizkuntzaren muga jartzen badigute, askoz ere aukera gutxiago dugu. Kontu honi garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke. Ezjakintasuna borrokatu behar da. Etorkinei beste muga bat paratzea da bestela.
«Etorkinei ez digute azaldu euskararen garrantzia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu