Eusko Jaurlaritzak Inmigrazioaren III. Planean "diskriminazioaren eta arrazismoaren aurka" egingo du. Izan ere, Miguel Angel Gonzalez Jaurlaritzako Inmigrazio zuzendariak gaur esan duenez, EAEra iristen diren etorkinen artetik bostetik bat "arrazismoa" jasaten du.
Azkenaldian Bizkaiko ostalaritzako hainbat tokitan izandako gertaerak direla-eta bilerak izan ditu Jaurlaritzak SOS Arrazismoarekin, eta lan taldea eratuko dute, "edonork aisiaz gozatzeko eskubidea izan dezan.
Haren azterketa baten arabera, etorkinen %20k azaldu dute "tratu txarra" jaso dutela zerbitzu publiko eta pribatuetan, eta irainak eta "jarrera edo aipamen xenofoboak" ere jaso dituzte.
Jaurlaritzak biktimei salaketa-eta jartzeko informazioa eta baliabideak helaraziko dizkie, eta gizartea kontzientziatzeko lan ere egingo du, Gonzalezek esan duenez. Besteak beste, inmigrazioari buruzko "itun sozial handia" egin gura du eta hezkuntza arloa landuko du.