«Honezkero ohiko bihurtu da: Bilbon, leku batzuetan poliziak egoten dira kaleko jantzita, eta goiz osoa ematen dute identifikazio baztertzaileak egiten». Etorkinek gero eta gehiago jotzen dute SOS Arrazakeria elkartearen bulegoetara, apetazko identifikazioez, sarekadez eta polizia abusuez kexatzera. Jardun hori «larritzat» jo du Brijida Ridruejo elkarteko kideak, «ondorio larriak» dituelako kanpotarrentzat: «Identifikatzen dituztenak egoera irregularrean badaude, kanporatze agindua abiatzen diete, eta asko Madrilgo atxikitze zentrora bidaltzen dituzte». Hain zuzen, sarekadak, atxikitze zentroak eta murrizketak dira SOS Arrazakeriaren kezka nagusiak, erakundeak atzo aurkeztutako 2013ko txostenean adierazi duenez.
«Arazo sozialei aurre egiteko, neurri polizialak hartu dituzte erakundeek, ahalik eta pertsona gehien botatzeko edo uxatzeko», salatu du Ridruejok. Gogora ekarri du Bilbon hiru «makrosarekada» egon zirela iaz, Zorrotzaurren eta Basurtun, «sozialki baztertuta zeuden pertsonak bizi ziren eraikinetan, beren etxebizitza urratuz». Haietako asko egotzi zituzten, kanporatze aginduaren aurkako helegiteak aurkeztu arren.
Izan ere, halako egoeretan dauden etorkinak defendatzea zaila dela nabarmendu du: «Batzuetan etorkinak eurak zigortzen dituzte, desobeditzeagatik». Beste batzuetan pasaportea kentzen diete; hau da, «nortasun dokumentu bakarra, erroldatzeko, laguntzak eskatzeko edota osasun txartela eskatzeko behar dutena».
Kanporatze bidean, baina, etorkin asko atxikitze zentroetatik igarotzen dira. Euskal Herrian bakarra dago, Hendaian (Lapurdi), baina Hegoaldeko immigranteak Madrilera bidaltzen dituzte. Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak salatu du zentro horiek sistematikoki urratzen dituztela giza eskubideak: «Kartzelak dira, baina bertan daudenek ez dute deliturik egin; falta administratibo bat baino ez dute: paperik ez edukitzea». Halako faltak zirkulazio isunekin parekatu ditu Ridruejok, «baina, atzerritarrak direnez, haien bizimoduak kriminalizatzen dituzte, eta eskubideak urratzen».
Europako Batasunean 473 atxikitze zentro daudela zehaztu du Unzurrunzagak. Urtero, 530.000 pertsona hartzen dituzte, eta horietako 252.000 jaioterrira egozten; gainerakoak askatzen dituzte, egonaldi epea amaitu eta kanporatze agindua gauzatzen ez bada. Epe hori, baina, bestelakoa da estatuaren arabera: Frantziako Gobernuak 45 egunera mugatu du, baina Grezia eta Alemaniakoek hamabi hilabetera luzatu dute. «Europan urtebetez preso egon daitezke deliturik egin gabe».
Murrizketen urtea
Polizien jarduna ez ezik, erakundeen «bereizkeria» ere salatu dute etorkinek, iaz osasun arretan eta gizarte zerbitzuetan izandako mozketen harira, batik bat. SOS Arrazakeriak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak urtebetez erroldatuta egotea eskatzen diela etorkinei osasun txartela emateko eta Nafarroako Gobernuak ez diela diru sarrerak bermatzeko errenta eskatzen uzten paperik ez badute. Baldintza horiek kentzea galdegin diete gobernuei.
Elkartean jasotako salaketa kopuruak gora egin duen arren, Ridruejok ohartarazi du bereizkeria molde batzuk «naturalizatu» egin dituztela etorkinek: «Etxebizitza bilatzen ari direnean jasaten duten diskriminazioa, adibidez, immigranteen bizimoduaren parte gisa hartzen dute».
Era berean, Unzurrunzagak kezka agertu du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren iazko txostenak agertutako emaitzekin. «Oso negatibotzat» jo dutolerantzia indizea jaitsi eta paperik gabekoak kanporatzearen aldeko joera igo izana, «iritzi horiek Atzerritarren Legea baino harago doazelako», eta «diskurtso politiko xenofoboekin» lotu du: «Bertakoak lehenestearen aldeko diskurtsoa Europako eskuin muturraren oinarria da».
Etorkinen identifikazioek eta polizia abusuen ondoriozko salaketek gora egin dute
Paperik gabekoei egindako murrizketak ezabatzeko eskatu die SOS Arrazakeriak Gasteizi eta Iruñeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu