Etorkin kopuruak behera egin zuen iaz Hego Euskal Herrian. Atzerritik etorritakoen datua mantendu egin zen 2011n, baina nabarmen igo zen, ordea, hemendik joan zirenena. Hala, etorri baino 16.828 atzerritar joan ziren Hegoaldetik. Adituen arabera, krisiak sortutako aukera gabeziak eragin du etorkinek alde egitea.
Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi ditu datuak. Etorritakoak 21.183 izan baziren ere, gehiago izan dira joandakoak: 38.011. Nafarroan 338 etorkin gehiago zeuden; Gipuzkoan, 4.679; Bizkaian, 7.251; eta Araban, 5.331. Erroldatutako etorkinen kopuruak beste behin egin du behera, 2010ean 1.101 lagunetan jaitsi baitzen Hegoaldeko etorkin kopurua.2011n, ordea, nabarmena izan da beherakada hori. Alde egin dutenen gorakada ere nabarmena da, 2010. urtean 22.413 etorkin joan zirelako.
SOS Arrazakeriako kide Agustin Unzurrunzagaren arabera, migrazio saldo negatiboa ez da soilik aurtengo fenomenoa, azken hiru urteetako datuek emaitza bera azaleratu baitzuten: «Bi faktore izan behar dira kontuan, erroldatutako etorkin kopuruaren jaitsiera azaltzeko: atzerritar izatetik espainiar izatera igarotzen direnak, eta erroldatik desagertzen direnak, Espainiara edo jaioterrira doazelako». 2011ko datuek etorkin kopurua jaisteko joera konfirmatzen dutela uste du Unzurrunzagak, baina erantsi du joan egin diren etorkinen gorakada «oso nabarmena» dela, eta ezin dela soilik espainiar nazionalitatea lortu dutenen kopuruarekin azaldu.
Krisi ekonomikoaren eragina nabaritu du Unzurrunzagak, baina ez soilik etorkinen artean: «Ez dute etorkizunik ikusten, baina bertakoen artean ere atzerrira lan bila joateko joera igotzen ari da gero eta gehiago».
Jaioterrira itzultzean badu eragina jatorriak, Unzurrunzagaren iritziz: «Hego Amerikako hainbat herrietakoak itzuli egiten dira; aldiz, Erdialdeko Amerikakoak, ez». Azaldu duenez, Espainiako legediak hiru aukera ematen dizkie etorkinei jaioterrira itzultzeko: kapitalizazioa, laguntza bidezkoa eta borondatezkoa. Unzurrunzagaren arabera, borondatezko itzulera da erroldatuta ageri diren etorkin gehienek erabilitako bidea: «Hiru urtez, bertan bizitzeko baimena bere horretan mantentzen dute borondatez joaten direnek; horrela, gauzak gaizki joanez gero, ateak zabalik dituzte itzultzeko».
EHUko Soziologia irakasle Xabier Aierdik ez du hain argi etorkinak jaioterrira itzultzen direnik, uste baitu behin emigratu dutenak beste herri batera joaten direla sarritan. Hala, Hegoaldetik joandako etorkin asko, aukera bila Europako beste herrialde batzuetarajoan direla irizten dio Aierdik. Datu bati heldu dio: joandako 16.828 etorkinetatik soilik 2.522 dira emakumeak. Aierdiren ustez, datu hori lan eskariaren ondorio da: «Normala da joaten diren gehienak gizonezkoak izatea; emakume askok lana aurkitzen dute, haurrak eta adinekoak zaintzeko eskari handia dagoelako».
Espainiako Estatistika Institutuak plazaratutako datuak ikusita, Hego Euskal Herritik joan diren etorkin kopurua «sinesten zaila» dela uste du Aierdik, joandakoen gorakada «nabarmenegia» delako. Aierdik auzitan jarri du datua, eta Espainiatik joandako etorkin kopuruarekin alderatu du Hegoaldeko datua. Azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etorkin kopurua «hutsala» da Espainiako immigrazio tasan; aitzitik, Espainian 50.090 etorkin gutxiago zeuden iaz, baina horietatik %33 Hego Euskal Herritik joandakoak dira.
Etorri baino 16.828 atzerritar gehiagok alde egin zuten iaz Hegoaldetik, krisia dela eta
Datuak nabarmen egin du gora urtebetean; 2010ean 1.101 etorkin gutxiago zeuden Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu