politika

Etxaidek dio ezker abertzaleko alderdi politiko berri bat sortzeko "pentsatzen hasi beharra" dagoela

LABeko idazkari nagusiak adierazi du "hauteskundeei garrantzia osoa" eman behar diela ezker abertzaleak, baina honek apustu estrategiko berria ez duela egin bozetan izateko soilik. "Aro bat ixteko eta beste bat zabaltzeko garaia da. Batzuek eta besteek erabilitako terapiek ez dute balio".

2010eko irailaren 20a
13:00
Entzun
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du, Espainiako Estatuak jarritako eragozpenak hor izan arren, ezker abertzalea "saiatu" egingo dela 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzen, eta alderdi politiko berri bat sortzeko "pentsatzen hasi beharra" dagoela. "Ezker abertzaleko esparru politikoa batzeko eta lideratzeko tresna politikoa" litzateke alderdi hori, Etxaidek gaur Europa Press berri agentziari emandako elkarrizketan dioenez.

LABeko buruaren arabera, "hauteskundeei garrantzia osoa" eman behar die ezker abertzaleak, baina ohartarazi du honek apustu estrategiko berria ez duela egin bozetan izateko soilik, baizik eta "prozesu demokratikoa" aurrera eramateko eta Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa erdiesteko. "Horretan ari gara, eta ez gara bide horretatik aldenduko".

Ezker abertzalearen apustu horri "sinesgarritasuna" emateko eskatu du Etxaidek, eta uste du ETAk ere prozesu hori babesten duela. Dena dela, LABek idazkari nagusiak argitu du prozesua eragile politiko, sindikal eta sozialek lideratu beharko luketela, eta ETAk eta Espainiako Estatuak "ekarpen eraginkorrak" egin beharko lituzketela.

"Aro bat ixteko eta beste bat zabaltzeko garaia" dela nabarmendu du, "eta, horretarako, batzuek eta besteek erabilitako terapiek ez dute balio. Terapia berriak behar dira, bide berriak, akordio berriak, akzio politiko eta sozialerako eredu berriak. Horretan murgilduta gaude".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.