Nafarroako Gobernuak babes ofizialeko etxebizitzen prezioak jaistea proposatu du, izan alokatzeko edo izan saltzeko. Anai Astiz Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilariak atzo jakinarazi zuen proiektuaren berri, eta, haren esanetan, helburua da herritarrek etxebizitza horien aldeko apustua egitea. Horretarako, etxeak erosteko egun ematen diren diru laguntzen legea aldatzeko asmoa dutela jakinarazi du. Alokairuen kasuan, ordea, bere horretan jarraituko du orain arteko legeak, baita igogailuak ipintzeko kasuan ere. Oraindik zirriborroan dagoen dekretuan azaltzen denez, etxebizitzen plana uztailean abian jartzea da gobernuaren nahia.
Astizen arabera, Nafarroako Gobernuak lortu nahi du etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituen orori ahalik eta gehien laguntzea eta erosteko edo alokatzeko aukerak herritarren eskura ipintzea: «Etxebizitzen egoera ez da batere samurra inorentzat, eta, Nafarroako Gobernuaren egoera ekonomikoa larria izanagatik, ahalegin berezia egiteko prest gaude, gure herritarrek teilatupe bat edukitzeko eskubidea izan dezaten». Astizek esan duenez, erabakia hartzeko oreka bat hartu behar izan dute kontuan: «Etxebizitza eta Sustapen Sailaren aukera ekonomikoen eta epe luzera gobernuak eman ditzakeen diru laguntzen artean oreka mantendu dugu».
Proiektu berri horri ekitea funtsezkotzat jo dute gobernuan, etxebizitzen prezioa «garestia» iruditzen zaielako eta erostea «ia ezinezkoa» delako: «Azken hamar urteetan, %23 hazi da etxebizitzen prezioa, eta oso daude garesti». Hargatik, Astizen arabera, %7,7 eta %10 artean jaitsiko dituzte salgai edo alokairuan dauden babes ofizialeko etxeen prezioak, baita tasatutakoenak ere.
Herritarrei laguntzea ez ezik, dekretu berriak badu beste asmorik, Astizen esanetan: «Beste berrikuntza bat izango da berriz martxan jartzea prezio mugatua duten etxebizitzak. Prezio hori etxe bakoitzaren tokiaren araberakoa izango da». Pertsona batek, etxea erosi, eta hiru urteko epea izango du bertara bizitzera joateko. Baliteke erositako edo alokatutako etxe horretan ezin bizi izatea; bada, horretarako dekretuan ageri diren arrazoietako bat bete beharko da. Hiru urte igaro ondoren, ordea, bertan behera geratuko dira arrazoiak, eta etxe horretan bizi beste erremediorik ez dute izango jabeek: «Lege horrekin erraztu egingo da etxejabeak mugitzea, batez ere jende gaztea, eta zigor espediente gutxiago egongo dira».
Astizen adierazpenek berehala eragin dituzte erreakzioak. Nafarroa Baiko Txentxo Jimenezen arabera, gobernuak harturiko neurriak ez dira nahikoak: «Babes ofizialeko etxea erostea edo alokatzea oso da garestia, libreki etxe bat erostea bezain garestia, eta gobernuaren neurriekin ezin daiteke inora joan. Neurri horiek ez diote erantzuten etxebizitza bat edukitzeko herritarrek duten eskubideari».
Eusko Jaurlaritzaren laguntza
Nafarroan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere emango dituzte laguntzak etxebizitzen alokairua sustatzeko. Aste honetan hala jakinarazi du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak. Etxejabeen eta alokatu nahi dutenen artean bitartekari egingo du Jaurlaritzak: jabeei segurtasuna emango die, kobratuko dutela alokairua eta kalteak izatekotan konponduko dizkietela; horren truke, 400-650 euro artean jarri beharko dute alokairuaren prezioa. Alokairua sustatzea ez ezik, etxeak berritzea ere nahi du gobernuak, besteak beste igogailuak jarriz eta eraginkortasun energetikoa hobetuz. 105 milioi euro inbertituko dituzte.
Etxe babestuen prezioak jaisteko asmoa du Nafarroak
Gobernuaren arabera, helburua da herritarrek etxebizitza edukitzeko aukera izatea; plana uztailean abiatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu