Etxe kaleratze baten aurka ari zirenei jazarri zaie Ertzaintza

Alokairua pagatu ezinda zegoen sendi bat kalera bota dute Barakaldon, ordaintzeko laguntza bat jasotzekoa den arren

Barakaldon atzo egindako etxe kaleratzea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alokairua pagatu ezinda zegoen familia bat kaleratu dute Barakaldon (Bizkaia). Atzo bota zuten, eta hori eragozteko protestara bildutakoen aurka Ertzaintzak izandako jarrera «bortitza eta neurrigabea» salatu du Sendia elkarteak: «Hitzik ere esan gabe, elkarteko kideetako batzuk jo, eta lurrera bota dituzte. Dagoeneko jarri dugu salaketa. Onartezina den egoera baten aurka ari ginen protestan, besterik ez. Segurtasun sailburuarekin bilera eskatuko dugu», azaldu du elkarteko bozeramaile Rosa de la Fuentek.

Etxegabetzeak geratzeko jarrerarik ez dagoela uste du. «Ez dago etxe kaleratzeen arazoa konpontzeko borondate politikorik eta juridikorik. Kasu honek agerian utzi du zein jokabide duten epaileek, Poliziak eta politikariek arazo honen aurrean. Nahiago izan dute familia hori kalean utzi. Egoera jasanezina eta onartezina da».

Kasu honetan, kaleratzea geratzeko modua bazegoela nabarmendu du, alokairua ordaintzeko laguntza bat emango diolako Barakaldoko Udalak. «Paper kontuak konponduta, oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errenta ere jasotzekoa da. Behin laguntzak jasota, alokairua ordaintzeko moduan zegoen familia hori, eta etxean jarraitu ahalko zuen. Jabeak familiak etxean ez jarraitzea nahi izan ez balu, berriz, laguntza jasotzen hastean joan egingo ziren». Egoeraren «bidegabekeriaz» ohartarazi du De la Fuentek. «Familiako lau kideak lanik gabe daude. Aitak, adibidez, 31 urte zeramatzan sukaldari moduan lanean, eta geratu zaion bakarra 217 euroko langabezia saria izan da».

Stop Kaleratzeak elkarteak, bestalde, salatu du kaltetuek soilik hamabost egun izatea gehiegikeriazko klausulak salatzeko. «Ez da bidezkoa, eta kaltetuen eskubideak urratzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.