Etxe kaleratzeen inguruan Espainiako Gobernuak onartu nahi duen araudi berria ezagutu arte hipoteken exekuzioak bertan behera uzteko agindu du Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek. Erabakiak lehen etxebizitzen gaineko hipoteketan izango du soilik eragina. Atzo arratsaldean eman zuen erabakiaren berri. Euskadiko Kutxak ere ohar bat kaleratu zuen atzo, zehazteko krisia hasi zenetik ez duela abian jarri «etxe kaleratze traumatikorik»: «Negoziatzearen eta epea luzatzearen alde egin dugu, bezeroak etxebizitzan geratzearen alde. Espero dugu araudi berriek gure politikak indartzea».
Etxetik kaleratzera zihoazela, emakume bat hil zen herenegun, Barakaldon (Bizkaia), bere buruaz beste eginda: Amaia Egaña. Goizeko 09:20 aldera izan zen gertaera, Barakaldoko Labe Garaia kalean. Etxe kaleratzea gauzatzeko aginduarekin epaile segizioa etxera igo zenerako, Egañak bere burua leihotik bota zuen. Kaleratzeen kontrako elkarteek ez zekiten Egañaren familia atzo kaleratu behar zutenik; ezta auzokideek ere. Gertatutakoak ezustean harrapatu zituen. Hildakoak53 urte zituen, eta senarrarekin eta 21 urteko semearekin bizi zen. Atzo egin zioten azken agurra Egañari, eta bertan izan zenPatxi Lopez Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria.
Heriotza horren ondorioz, PPk eta PSOEk azkartu egin dituzte hartu-emanak, eta etxe kaleratzeak saihesteko neurri sorta bat aurkeztu asmo dute bihar. Espainiako Gobernuko eta PSOEko ordezkaritza bat bilduko da horiek adosteko. PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak adierazi du «inor etxerik gabe ez geratzea» dutela helburu. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik, berriz, espero du «larrien» dauden familien etxe kaleratze prozesuak eten ahal izatea: etxebizitza bakarra dutenenak, eta seme-alabak edo pertsona helduak zaintzan dituztenenak.
Ikusteko dago neurriak zein kasutarako diren eta atzerako eragina duten; hau da, martxan dauden etxe kaleratzeetan ere ezarriko diren. Hainbat hedabidek zabaldu dute Espainiako Gobernuak bi urteko atzerapena ezarri nahi duela larrien dauden familien hipoteken exekuzioan. Hala balitz, neurriek ez lukete balioko Amaia Egañaren moduko kasuetarako.
Rubalcabak atzo eman zuen bihar Espainiako Gobernuari aurkeztuko dion proposamenaren berri. Esan zuen zortzi hilabete daramatela etxe kaleratzeak saihesteko proposamen bat lantzen. «Bankuen alde legeak onartzen dituen gehiegikeriak zuzendu nahi ditugu, eta baita agintean geundenean egin genituen hutsak ere. Berehala hartu behar dira neurriak».
PSOEren proposamenak hipoteka guztietarako balioko luke: sinatuta daudenak, sinatuko direnak eta exekuzioan daudenak. Dagoeneko etxea galdu dutenentzat, berriz, beste bide batzuk aztertuko lituzkete.
Bost lege aldatzeko beharra ikusten du PSOEk. Enpresentzat indarrean dagoen hartzekodunen konkurtsoaren antzeko prozedura bat ezarri nahi du pertsona fisikoentzat, zordunaren eta banketxearen arteko akordioa errazteko. Hipoteka berriz negoziatzen ari diren kasuetan, exekuzioa eteteko eskatuko du PSOEk. «Atzeratutako interesekin izaten diren gehiegikeriak saihestu nahi ditugu». Gainera, etxebizitza enkantean jartzen denean, kreditua eman zenean ezarri zitzaion prezioaren azpitik ez jartzea proposatuko dutela iragarri du Rubalcabak.
PPk egin dezakeen proposamenaren inguruan galdetuta, Rubalcabak esan du etxe kaleratzeak eragozteko edozein proposamen izango dela ongi etorria eta, bilera PSOEk eta PPk egingo badute ere, ahalik eta alderdi gehienek babestea nahiko lukeela. «Guprest gaude alderdi guztiekin hitz egiteko».
Egañaren heriotza
Atzokoan ere askok salatu zuten Amaia Egañaren heriotza. Bizkaiko Stop Kaleratzeak elkarteak ohar bat kaleratu zuen. Bertan, adierazi zuen Egañaren heriotzak ezin duela zigorrik gabe geratu: «Oso gogorra eta tragikoa izan da gertatutakoa. Amaiaren oroimenagatik lanean jarraitu behar dugu etxe kaleratzeen aurka, denek elkarrekin». Errespetua eskatu du elkarteak Egañaren senideentzat eta lagunentzat, eta politikariei etxe kaleratze prozesuetan atzerapen bat ezartzea galdegin zuen. «Ezin da beste hipoteka bakar bat gehiago ere exekutatu. Hau amaitu egin behar dugu».
«Finantza boterearen sadismoa baimentzea» egotzi die politikariei ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek. «Elkarri mesede egiten ari direlako ez dute legea aldatu». Bidegabea iruditzen zaio Muñozi beste hainbat gaietarako Espainiako Konstituzioa bera aldatu izana, eta etxe kaleratzeen arazoa konpontzeko aldaketarik egin ez izana orain arte. «Hipoteken legeak banketxeei egiten die mesede, eta banketxeek kredituak ematen dizkiete alderdiei. Alderdiek askotan ez dituzte ordaintzen, barkatu egiten dizkietelako. Hor dago gakoa. Gertatzen ari dena harrapakatze bat da». Muñozek eskatu die banketxe eta aurrezki kutxei argitzeko zenbat kreditu «barkatu» dizkieten alderdiei.
UGT sindikatuak ere berehalako neurriak eskatu ditu, Maximo Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiaren ahotan: «Ezin du berriro halakorik gertatu».
Gobernuen «ekimenik eza» eta banketxeen «zekenkeria» salatu ditu, bestalde, Ezker Anitzak. «Horregatik geratzen dira etxe kaleratzeak. Horregatik ez dira halako dramak eten», esan du Isabel Salud koordinatzaile nagusi berriak. Berehalako neurriak eskatu ditu.
Kataluniako Generalitaterako hauteskundeetan ere hizpide izan da etxe kaleratzeen gaia. Artur Mas jarduneko presidenteak egoki ikusten du hipoteken exekuzioen atzerapena, baina uste du berandu hartu direla neurriak: «Penagarria da halako gertaera lazgarriak jazo behar izatea neurriak hartzeko». Masek gogorarazi du Kataluniako Parlamentuak lege ekimen bat igorri zuela Espainiako Gorteetara hipoteken inguruko legea aldatzeko, baina ez zutela bere egin. Gainera, nabarmendu du erakundeek kalean bertan egin ditzaketela ekimenak etxe kaleratzeak saihesteko. «Bitartekaritza sustatu beharko lukete banketxeen eta zordunen artean».
Epaileek ere neurriak hartzeko beharra nabarmendu dute. «Europak dagoeneko jarri du auzitan legedia, eta epaileei eskatuko nieke bertan behera uzteko kaleratzeak», adierazi du Demokraziaren Aldeko Epaileen bozeramaile Joaquim Boschek. Espainiako Gobernuak hartu nahi dituen neurriak ez direla nahikoak uste du: «Publizitate hutsa dira». Boschek galdegin du hartuko diren neurriek atzerako eragina izatea.
Etxe kaleratzeak eteteko agindu du Kutxabankeko presidenteak
Euskadiko Kutxak esan du ez duela egin kaleratze «traumatikorik» eta negoziatzearen alde egiten jarraituko duelaPPk eta PSOEk hipoteken legea aldatzeko neurriak aurkeztuko dituzte bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu