EAEko Etxebizitza Legea. Jaurlaritzaren aurreproiektua

Etxea izatea eskubide subjektiboa izateko urratsa egin du Jaurlaritzak

Erabili gabeko etxeak zergapetzeko tresnak eta «nahitaezko alokairua» proposatu ditu Etxebizitza Legearen aurreproiektuanEtxe hutsak desjabetzeko oinarriak ageri dira Arriola sailburuak aurkezturiko testuan

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Etxe duina izatea eskubide subjektibo bihurtu nahi du Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legearen bitartez. Hau da, legeak zehaztuko dituen baldintzak betetzen dituzten herritarrek etxebizitza duina izateko eskubidea galdegin ahal izango diete Etxebizitza Sailari edo epaitegiei. Lege horren aurreproiektua aurkeztu zuen atzo Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak.

Aurreproiektuaren arabera, honako hauek dira eskubidea betearazi nahiko duten pertsonek bete beharko dituzten baldintzak: EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea; etxebizitza duinik ez izatea, ez eta beste bat lortzeko dirurik ere; Etxebiden izena emanda egotea; eta diru sarrera zehatzak izatea. Betebehar «lausoak» dira oraindik, eta legea onartzeko abiaraziko den arautegian zehaztuko dituzte.

Lege bihurtu arte bide luzea du oraindik aurretik Arriolak aurkeztutako proposamenak, eta bitarte horretan aldaketak gerta daitezke. Hauek dira proposatzen dituen funtsezko ideiak:

1. Interes orokorra

Etxebizitza politika «interes orokorreko zerbitzutzat» jotzen du Jaurlaritzaren lege aurreproiektuak. Kontuan hartuta EAEko hiri eta herrietan dauden etxeen kopurua mugatua dela, jendea bizitzeko erabiltzen ez diren etxeen gaineko politikak abiaraztea proposatu du Jaurlaritzak. Hutsik dauden etxebizitzei eta ondo zainduta ez egoteagatik erabili ezin diren etxe eta antzekoei eragingo die.

2. Hutsik dauden etxeak

Bi urtez erabili ez diren etxeak «hutsik dauden etxetzat» hartuko ditu Jaurlaritzak. Dena den, erabilera eza arrazoitu daiteke: bigarren etxebizitzak direlako, jabea hiritik kanpo lan egitera joan delako, salmentan dagoelako eta abar.

Hutsik dauden etxebizitza horiek zergapetzea proposatu du Jaurlaritzak, kanon bat ezarriz. Kanona urtean behin ordaindu beharko lukete jabeek, eta azaleraren araberakoa izango litzateke; metro koadro bakoitzeko hamar euro ordaindu beharko lituzkete. Kanonaren bidez bildutako dirua udal lurraren ondarerako erabili beharko dute. Udalek tresna hori erabiliko ez balute, Jaurlaritzak hori ezartzeko aukera izango luke. Azken kasuan, dirua alokairu publikoa sustatzeko erabili beharko luke. Etxe batek etxebizitza huts izendatu eta urtebetera hutsik jarraitzen badu, dagokion udalak —edo Jaurlaritzak, udalek egingo ez balute— aukera izango du «nahitaezko alokairuan» jartzeko.

3. Desjabetzeak

Etxe pribatuetan zein babes publikokoetan gerta daitezke desjabetzeak. Eraikinen mantentze eta zaharberritze beharrak betetzen ez direnean gerta daitezke desjabetzeak, horren ondorioz pertsonen segurtasuna arriskuan dagoenean edo «erabilera egokia bermatzeko» denean.

Jaurlaritzak desjabetzeak baimentzeko beste hainbat kasu ere zehaztu ditu, babes publikoko etxeen kasuan: ohiko etxebizitza ez denean, arrazoitu gabe urtebete baino gehiagoko epean erabiltzen ez denean, bertan pertsona gehiegi bizi direnean... Horrez gain, babes publikoko etxebizitza izan ahal izateko gehienezko irabazien bikoitza hiru urtez irabazten dutenen etxeak desjabetu ahal izango dira. Gaur egun, 70.000 euroko diru sarrerak gainditu beharko lirateke hiru urtez jarraian.

4. BPEen banaketa

BPE Babes Publikoko Etxebizitzen banaketak nolakoa izan behar duen ez du zehazten aurreproiektuak; alegia, ez dio zozketa bidez, zerrenden bidez edo nola egingo den. Ordea, etxeen banaketa egiterakoan lehentasun batzuk zehaztu ditu. Etxebide zerbitzuan izena eman duen bizikidetza unitatearen kide kopurua kontuan hartuko da. Hau da, bost kide dituen bizikidetza unitate batek lehentasuna izango du Etxebiden denbora bera daraman bi kideko unitate baten aldean. Horrez gain, antzinatasuna ere aintzat hartuko da, Jaurlaritzarenaurreproiektuaren arabera.

5. BPEen salneurria

Diru publikoz lagunduriko etxebizitzen salneurria azaleraren arabera zehaztuko da, orain arte bezala. Etxea erosiko duen bizikidetza unitatearen diru sarreren araberakoa izango da. Hau da, diru sarrera txikiak dituztenek babes publikoko etxebizitzen truke gutxiago ordainduko dute diru sarrera handiak dituztenak baino.

Etxebizitzak erosten dituztenek ordaindutakoaren eta etxea eraiki duen enpresak aurrez zehaztutako irabazien artean alderik balego, Berme eta Konpentsazio Funtsak ordainduko luke.

6. Zaharberritzeak

Etxebizitza bat zaharberritzeko, nahikoa izango da bertako bizilagunen erdiaren oniritziarekin, betiere administrazioaren oniritziarekin.

7. Zigorrak

Etxebizitza Legearen aurreproiektuan jasotzen denez, lege hauste oso larriak 90.001 euro eta 900.000 euro bitarteko isunekin zigortuko dira. Lege urraketa larriengatik 9.001 euro eta 90.000 euro bitartekoa ordaindu beharko dute; eta arinengatik, 1.500 eta 9.000 euro artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.