Etxeberria: «Espainiak ez du ideien arteko lehiarik nahi, galtzaile dela badakielako»

Instituzioetako eta horietatik kanpoko lana uztartuko dituen «konponbiderako plan integral bat» eskatu du

Rufi Etxeberria, ezker abertzalearen agerraldi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen esanetan, agerikoa da Euskal Herria bestelako egoera politiko batean dagoela, iraganeko egoera atzean utzi dela, eta behin betiko konponbiderako aukerak irekita daudela. Haren esanetan, horren erakusgarri da ETAk borroka armatua bertan behera utzi izana eta «desarmerako eta bere egitura militarrak desegiteko prozesuari eusteko jendaurrean erakutsi duen prestasuna». Prozesu hori «modu ordenatuan» egin daitekeela dio, eta nazioarteko eragileak horretan laguntzeko prest daudela, gainera. Espainiak, ordea, itxikeriari eusten dio. Gatazkaren ondorioei heltzeko beharraren aurrean ezezkoari eusten dio, eta iraganeko garaian iltzatuta jarraitzen du.

Gaindituta beharko lukeen jarrera du oraindik Espainiako Estatuak, Etxeberriaren hitzetan: «Garai politiko berriarekin bat ez datorren egoera batean dago». Ezker abertzaleko kideak Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, bake prozesuan eta negoziazio politikoan sartzeak «paradigma aldatzea» eskatuko lioke Espainiako Gobernuari: «Bakearen aldeko apustuak demokraziaren aldeko apustua egitea esan nahi du; proiektu politiko guztiak baldintza beretan defendatu eta gauzatu ahal izatea».

Horixe da, Etxeberriaren ustez, Espainiako Estatuak nahi ez duena: «Ez du alboratu nahiinposizio eta ukazio estrategia. Ez du ideien arteko lehia politikoan sartu nahi; eztabaida demokratikoan sartzeari beldur dio, halako estrategia batean galtzaile dela badakielako».

Plan integral bat

Hala ere, ohartarazi du «konponbideak sortzeko prozesua» egin behar dela. Ezker abertzaleak bide horretan lanean jarraituko duela azaldu du, eta EH Bilduk ere hala egingo duela. Izan ere, Etxeberriaren ustez, instituzioek lan handia dute bakegintzaren inguruan egiteko. Eusko Legebiltzarrak gaia landu beharko duela azaldu du, eta EH Bildu horretan arituko dela. Baina ohartarazi du ezinbestekoa izango dela instituzioetatik kanpo ere gatazkaren ondorioei eta «gatazkarekin lotutako gai politikoei» irtenbidea bilatzea. Horretarako, instituzioetatik ere bi eremu horien egitekoak uztartzen lagunduko duen «konponbiderako plan integral bat» abiatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.