Etxebizitza legearen beharra nabarmendu du EAEko Arartekoak urteko txostenean

Iaz baino 200 kexa gehiago jaso ditu Arartekoak; erdiak baino gehiago tokiko administrazioen kontra

2007ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Urteko balantzea egin du Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarcak. Iaz herritarrek 1.678 kexa aurkeztu zituzten Arartekoaren bulegoan, aurreko urtean baino 219 gehiago. Erreklamazio gehienak toki administrazioaren aurkakoak izan dira. Eusko Jaurlaritza kexaren sailkapenaren bigarren postuan dago, eta foru aldundiak hirugarrenean. Urtean eginiko gomendioak eta ekinbideak berrikusi zituen atzo Lamarcak, eta aurrera begira nagusiki jorratuko dituzten lan ildoak aurreratu. Hurrengo txosten berezia administrazio publikoen etxebizitza politikari buruzkoa izanen dela gogoratu zuen.

Etxebizitza eta gazteak

Txostenaren arabera, etxebizitzaren egoera da kezka nagusietako bat Arartekoarentzat, eta horregatik, hain zuzen, etxebizitzari eta gazteei buruzko ezohiko txostena prestatu du. Horretan gazteek etxebizitza eskuratzeko duten arazoaren azterketa egin du Arartekoak. Beste herrialdeetan dagoen egoerarekin alderaketa egin du, eta etxebizitza babestuaren egoera aztertu. Azterlanaren ondoren, Arartekoak hainbat gomendio egin ditu. Batetik, alokairuko etxebizitzen parkea handitu behar dela jaso du, eta hainbat disfuntzio zuzendu behar direla esan du. Halaber, onartu berri den EAEko Lurzoruaren Legeak ezarritako sistema osoari koherentzia emango dioten jardunbideak zehaztu behar direla adierazi du Arartekoak, eta administrazio guztiek jarraitu beharreko oinarri komunak finkatuko dituen etxebizitzari buruzko legea beharrezkoa dela adierazi du.

Zergapekoen babesa

Bestetik, erreklamazio gehienak biltzen dituzten gaiak zerbitzu publikoen gabeziak, errepideek herrietan eragiten dituzten kalteak, irisgarritasun arazoak edo garraioaren eskaintza handitzeko eskaerak direla jasotzen du iazko urteari buruzko txostenak. Zerbitzuen alorrean, gainera, Arartekoak gomendio berezia egin die zerga alorrean EAEko udalei, hain zuzen zergapekoen kexa ekonomiko-administratiboak jasotzeko eta bideratzeko erakunde berezitua sortzeko.

Oinarrizko errenta

Egun, oinarrizko errenta banatzeko orduan, administrazioek etxebizitza berean bizi diren lagun guztiak familia berekoak izango balira bezala hartzen ditu. Arartekoak egindako gomendioaren arabera, administrazioek kontuan hartu beharko lukete etxebizitzaren arazo larria dela medio, gero eta gehiago direla familia bakarra osatu gabe etxebizitza berean bizi diren lagunak. Hala, oinarrizko errenta banatzeko irizpideak egungo egoerara egokitu behar direla adierazi du. «Bitartekorik ez duten eta laguntza ekonomiko horiek arrazoi horrengatik galdu dituzten lagunen kasuak ezagutu ditugu azken urteetan», dio txostenak.

Adoptatzeko adina

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek umeak adoptatzeko ezarri zuten adinaren mugaren irizpidearekin malgutasunez jokatzeko eskatu du EAEko Arartekoak. Egun, adingabe bat adoptatu nahi dutenek umea baino 42 urte gehiago izan ditzakete gehienez. Arartekoaren irudiko, berriz, belaunaldien arteko tartea ezin da «muga absolutua» izan, eta kasu bakoitzean izaten diren faktoreak aztertu behar dira. «Zenbait egoeratan adopzio jakin bat egitearen abantailek tarte biologikoaren desabantailak gainditzen ditu».

Poliziaren indarkeria

EAEko Arartekoak kexa ugari jaso ditu poliziek indarkeria neurrigabe erabili dutelako edo herritarrak gaizki tratatu dituztelako. Hala, aurreko urteetan atzemandako arazoak ez dira konpondu. Ez da indarraren erabilera kontrolatzen, hutsegite arinak egiteagatik atxiloketak gertatzen dira, eta atxilotuei gorputz miaketa egiteko modua desegokia da, besteak beste.

Trafiko isunak

Aurreko urteetan bezala, iaz jasotako erreklamazio ugarik hizpide dute trafiko isunak jartzeko orduan jarraitu den prozedura administratiboa, eta bereziki prozedura horren luzapena. Arartekoaren iritziz, beharrezkoa da Administrazioak lehenbailehen isunen berri ematea, eta, horretarako, isunak tramitatzeko eta komunikatzeko prozedurak azkartzea. Legearen ikuspegitik, administrazioen jarduera zuzena bada ere, isunek duten funtzio prebentiboa eta pedagogikoa ere kontuan hartu behar dela iritzi dio Arartekoak, eta horretarako prestutasun handiagoarekin jokatzeko gomendatu du.

Alardeak

Iaz ere, Irungo eta Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeetan emakumeek berdintasunez parte hartzearen aldeko hainbat taldek kexa egin zuten Arartekoan. Arartekoak gomendio bana egin zien Irungo eta Hondarribiko udalei hauxe eskatuz: bere gain har zezatela berdintasunean oinarritutako jai esparrua lortzeko ardura, udalek alarde publikoa iragarriz, edo, bestela, berdintasuna bermatuko duten taldeei berdintasunezko alardea antolatzen laguntzeko, formalki eta materialki, horretarako behar diren ekintza positiboko neurri guztiak hartuta.

Adingabe atzerritarrak

Administrazioen arteko lankidetza behar-beharrezkoa dela nabarmendu du Arartekoak txostenean, eta honela adierazi du: «Babesik gabe dauden adingabeak jasotzea eta laguntzea legezko eta elkartasunezko betebeharra da, eta hori betetzeko, administrazioen eta gizarte osoaren konpromisoa behar da». Gainera, hainbat herritan adingabe atzerritarrak jasotzearen kontra agertutako iritziak oso kezkagarriak direla adierazi du urteko txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.