Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko Etxebide zerbitzuan 76.193 lagunek izena emana dute babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko. Nolanahi ere, Etxebizitza sailburuorde Javier Deanek azaldu duenez, horietatik 50.000 dira etxebizitza behar dutenak. Izan ere, sarritan bikotekideek bakoitzak bere aldetik ematen dute izena, baina etxebizitza bakarra behar dute.
Agerraldia egin zuen atzo Etxebizitza sailburuordeak Etxebide zerbitzuaren balantzea egiteko. Deanek emaniko datuen arabera, datozen lau urteetan babesturiko 27.000 etxebizitza jarriko ditu martxan Etxebizitza Sailak. Hots, «eskaeren erdiak asetzeko adina».
Bestalde, Etxebiden izena emana daudenetatik 44.947 etxebizitza alokairuan hartzeko prest daude. Gainerakoek nahiago dute, antza, etxebizitza propioa izatea. «50 urteko hipotekak ordaintzea baino, alokairu soziala ordaintzea hobea dela konturatzen ari dira gazteak», adierazi zuen Etxebizitza sailburuordeak.
Gainera, alokairuzko etxebizitzaren inguruan eginiko balantzearen arabera, Etxebidek alokairuan eman ditu banatutako etxebizitzen %43. Hortaz, alokairu soziala bultzatzearen alde «ahalegin berezia» egiten ari da Eusko Jaurlaritza, Deanek azpimarratu zuenez. Bitarteko baxuak dituzten gazteei gurasoen etxetik alde egiteko aukera ematea da helburua.
Etxebizitzaren beharra dute 50.000 herritarrek, EAEko Etxebideren datuen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu