Etxebizitzen etorkizuna da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen kezka nagusietako bat

'Gurea Geroa' Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.500 gazteri egindako inkesta bat da. Euren «iritziak, ideiak, interesak eta etorkizuneko erronkak» biltzen ditu.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak gehien kezkatzen dituen gaietako bat etxebizitza da. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 7a
11:39
Entzun

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak adierazi duenez, «gazteei entzutea» izan da Gurea Geroa txostenaren helburua. Dokumentuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.500 gazte ingururen «iritziak, ideiak, interesak eta etorkizuneko erronkak» baititu oinarri. El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren barruan egindako hirugarren inkesta da, eta gaur aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Tejeriaz gain, aurkezpenean izan dira Xabi Murua proiektuaren bultzatzaileetako bat, Maria Caso El futuro es ahora (Etorkizuna orain da) proiektuaren zuzendaria, Maialen Olabe Euskadiko Gazte Kontseiluko presidentea, eta Uxue Izco eta Xabier Contreras gazte adituak.

Olabe, Izco eta Contreras izan dira txostenaren emaitza esanguratsuenak azaldu dituztenak. Zehazki, nabarmendu dute gazteek zer jarrera duten arlo hauen inguruan: etxebizitzaren, kulturaren, lanaren eta norberaren etorkizuna, gizarte harremanak, Europako Batasunaren inguruan duten jarrera, kontsumo ereduak eta hezkuntza.

Hala nola Olabek nabarmendu du «gazteek euren bizitza proiektuetan aurrera egiten badute ere, gurasoekin bizitzen jarraitzen dutela», eta hori lotuta dagoela «lan arloko ezegonkortasunarekin». Horrekin lotuta, eta arrazoi ekonomikoak direla medio, Contrerasek azaldu du inkestan parte hartu duten gazteen %53k «ezkortasunez» ikusten dutela beren etorkizuna. Harremanei dagokienez, Contrerasen erranetan, gazte aunitz «integratuago sentitzen da ingurune digitalean», bizitza errealean baino. Izcok adierazi du inkestatutako gazteak Europako Batasunaren «alde» badaude ere ez dutela beren erabakiekin bat egiten.

Egoera ikusita, gazteen bizitza hobetzea helburu duten hamar eskari egin dituzte hiru bozeramaileek: Europak «gehiago eta hobekiago» informatu dezala, «eredu iraunkorrago baten buru izango den Europa», politika arloan «ustelkeriari eta iruzurrari» aurre egin diezaiotela, «etxebizitza duinetan» bizitzeko aukera izan dezatela, gizarte edo ingurumen erronketan parte hartzeko «informazio gehiago eta hobea» izatea, hezkuntza sistemak «bizitza errealerako» prestatu ditzala gazteak, lan «duinak eta kalitatezkoak», «klima larrialdiaren aldeko ekintza ausartagoa» izan dadila, «kontsumo eta ekonomia ereduak aldatzea» larrialdi klimatikoari begira, eta «hizkuntza eta balioekin» bat egiten duen lurralde bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.