Bihar, 09:15ean, etxegabetze bat egitekoak ziren Barakaldon (Bizkaia), eta 52 urteko emakume bat eta haren 15 urteko alaba kaleratu behar zituzten. Horren kontra, Berri-Otxoak elkarteak premiazko luzamendu eskaera erregistratu du Barakaldoko epaitegian, eta atzo elkarretaratze bat egin zuen Alokabidek Bilbon duen egoitzaren aurrean. Orain, bazterketaren eta pobreziaren kontrako elkarteari jakinarazi diote eskaera hori oraindik ebatzi gabe dagoela eta, beraz, biharko aurreikusita zegoen etxegabetzea atzeratu egingo dutela ebazpen hori iritsi bitartean.
Edonola ere, Berri-Otxoak elkarteak ohartarazi du honekin aste batzuk baino ez dituztela irabazi, eta arazoaren muinak konpondu gabe jarraitzen duela. Salatu duenez, emakumeak hilabeteak daramatza alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen, eta, legeak horretarako eskubidea aitortzen dion arren, erakundeek muzin egin diote eskaera horri.
«Ez Barakaldoko Udaleko Gobernu Batzordeak, ez Eusko Jaurlaritzak ez diete orain arte eskaini bizitzeko beste aukerarik, egungo legeak eskatzen duen bezala, emakume horri eta haren alaba adingabeari», adierazi du plataformak, eta gogorarazi bi-biek Barakaldoko epaitegiak egiaztatutako zaurgarritasun txostena aurkeztu dutela.