Etxegarairen bitartekaritzarekin eginen du bilkura Seaskak Beskoitzeko Herriko Etxearekin

Etxegarai prest agertu da bitartekari izateko. Seaskak salatu du prefeturak Senpereko kolegioaren lurrak erostera behartu nahi dituela.

(ID_13221622) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2023-09-30, Baiona. Euskal Herriko Hirigune Elkargoko Kontseilua
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Baionan, artxiboko argazki batean. PATXI EBLTZAIZ / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko azaroaren 28a
11:00
Entzun

Hilabeteetako blokeoaren ondotik, Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxea prest legoke Seaskarekin bildu eta ikastola berriaren proiektua aipatzeko. Hala jakinarazi du Peio Jorajuria ikastolen elkarteko lehendakariak aurtengo Herri Urrats aurkezteko agerraldian. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak onartu du bi aldeen arteko bitartekaritza lana egitea, eta Patrick Elizagoien auzapezordeak ontzat eman du hori, France 3 telebista kateari egin dizkion adierazpenetan. «Espero dugu ondoko egunetan bilkura hori antolatzen ahalko dela eta aterabide bat atzematen ahalko dugula», adierazi du Jorajuriak.

Hamar urtez prefabrikatuetan egon ondotik, eraikin sendo batera pasatu nahi dute Beskoitzeko ikastola, baina Seaskak behin baino gehiagotan salatu du auzapezaren taldeak oztopoak jartzen dizkiela etengabe. Azaldu dutenez, eraikuntza baimena ukatu die udalak, eta «baldintza arbitrarioak» jarri. Azaroaren 18an, 2.500 pertsonak manifestazioa egin zuten Beskoitzen, ikastolari sostengua adierazteko. 

Orain dela aste batzuk, Beskoitzeko ikastolako gurasoak Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetarekin mintzatu ziren, eta hark adierazi zuen elkarrizketari bide ematen saiatuko zela, azpimarratuta «haurren interesak» zuela lehentasuna. «Prefetaren hitz ederrez haratago, suprefetak bilkura hori antolatzea ukatu du», deitoratu du Jorajuriak. Eskerrak eman dizkio Etxegarairi. Halaber, zehaztu du aurtengo Herri Urrats, justuki, Beskoitzeko ikastola berria eraikitzeko izanen dela. 

Falloux legea

Frantziako Estatuak ikastolekin duen jarrera gaitzetsi du, halaber, Seaskak. Izan ere, jakinarazi du prefeturak herriko etxeari «presio» egin diola Senpereko (Lapurdi) kolegio berriaren harira. Aitzineko auzapezarekin 99 urteko enfiteusi kontratu bat izenpetua zuten. Molde berezi horrek maizterrari kasik jabearen eskubideak ematen dizkio, eta, ordainean, hari dagokio jabetzak behar dituen hobekuntza guziak egitea. «Adostutakoa hautsi eta lurra erostera behartu nahi gaitu prefetak», salatu du Jorajuriak. 

Prefetak dio herriko etxe batek ez dezakeela ondasunik eman kolegio baten egoitza izan dadin, Frantziako Estatuko administrazioan departamenduen eskumena baita kolegioak kudeatzea. Alta, Frantziako Hezkuntza kodearen L151-4 artikuluak besterik dio:  «Bigarren mailako ikastetxe pribatuek herrietatik, departamenduetatik, eskualdeetatik edo estatutik egoitza eta diru laguntza eskura ditzakete». Jorajuriak azaldu du herriko etxearekin harremanetan direla, baina mementoko ez dutela aterabiderik atzeman. 

«Euskaltzaleek zergak ordaintzen dituzte, besteek bezala; ez da normala egitura publikoek beharrezkoak ditugun ikastolak ezin finantzatzea itzulian».

PEIO JORAJURIA Seaskako lehendakaria

Seaskak argi du: «euskara eta ikastolak garatzea nahi badugu, Falloux legea buru gainetik kendu behar digute agintariek». 1850eko lege horren arabera, ezin da diru publikorik baliatu eskola pribatu bat laguntzeko. «Damoklesen ezpata da», Jorajuriaren hitzetan. «Euskaltzaleek zergak ordaintzen dituzte, besteek bezala; ez da normala egitura publikoek beharrezkoak ditugun ikastolak ezin finantzatzea itzulian». 

Senpereko kolegioari dagokionez, departamendu kontseiluak bere gain hartu ditu bidegurutzean itzulgune bat egiteko obrak, Seaskaren ikastetxera daramana departamenduko bidea baita. «Baina gaineratekoa gure sakelatik, herritarren sakelatik ordaindu beharko dugu», deitoratu du Jorajuriak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.