«Egungo etxeko zaintza eredua jasanezina eta guztiz bidegabea da». Badakite zertaz hitz egiten ari diren Tatiana Bellorinek eta Marling Castillok. Gipuzkoako SOS Arrazakeriako etxeko lanaren arloko teknikariak dira. Zaintza eredua oraindik ere premiazko erronka dela azaldu zuten atzo, eta errekonozimendurik gabe dauden emakume migratuek eusten diotela hein handi batean, lan baldintza eskasetan.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Lan Duina, Zaintza Duina: Etxeko eta zaintzako lan duinerako hausnarketak eta praktikak ikastaroan parte hartu zuten. Etxeko lanen testuingurua azaldu zuten. Bellorinek baieztapen argi batekin eman zion hasiera eztabaidari: «Etxeko enplegua familia askoren eguneroko bizitzari eusten dion zutabe ikusezinetako bat da, baina oraindik ere lan hori ez dago oso onartua. Gainera, oso feminizatua dago, eta emakume migratzaileen presentzia handia du».
Zaintza profesionalaren eta etxeko enpleguaren arteko nahasmena aztertu zuen Bellorinek, batez ere familiek langileak zuzenean kontratatzen dituztenean. Horrek eragotzi egiten du hitzarmen kolektiboek bermatutako eskubideak eskuratzea. «Langileek prestakuntza soziosanitarioa badute ere, kontratua familia batek egiten badu, etxeko enpleguaren erregimenari jarraitzen zaio, dituen mugekin», azaldu zuen Bellorinek.
Emakume langileek jasaten dituzten eskubideen urraketa ugariak salatu zituzten SOS Arrazakeriako kideek: gehiegizko lanaldiak, legezko gutxienekoaren azpitik dauden soldatak, opor falta, indarkeria, arrazakeria eta errepresaliak. Aurkeztutako datuen arabera, iaz 238 pertsona artatu zituzten; horietatik %95 emakumeak ziren, eta %54, etxe barruko langileak.
Bellorinek argi hitz egin zuen: «Lan baldintza duinik gabe, ezin da zaintza duinik egon. Sektorea profesionalizatzeko, lehenik eta behin, jada aitortuta dauden eskubideak bete behar dira». Nabarmendu zuen egoerak asko hobetu behar duela oraindik: «Etxeko lanen sektorea emakume migratuek sostengatutako sektore prekarizatu eta ikusezina da gaur egun oraindik».
«Lan baldintza duinik gabe, ezin da zaintza duinik egon. Sektorea profesionalizatzeko, lehenik eta behin, jada aitortuta dauden eskubideak bete behar dira»
TATIANA BELLORINSOS Arrazakeriako etxeko lanaren arloko teknikaria
Babes taldeak
Castillok SOS Arrazakeria elkarteak sortutako kafe taldeei buruz hitz egin zuen. Etxeko langileek sortutako laguntza gune bat da. Langileak lanorduetatik kanpo elkartzen dira, eta bakoitzak bere esperientziak kontatzen dizkie besteei. «Gure helburua ez da kafe bat hartzea bakarrik, baizik eta errealitateak eraldatzea eta komunitate bat eratzea. Etxeko lanak den bezalakoa izan behar du: funtsezko lana», argitu zuen Castillok. «Bakartuta egoteari uzteko, esperientziak partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko espazio bat da. Etxeko langileek, askotan bi atseden ordu ere ez dituzten horiek, lasaitzeko eta elkartasuna adierazteko lekua aurkitzen dute hemen», gehitu zuen.
«Etxeko lanak den bezalakoa izan behar du: funtsezko lana»
MARLING CASTILLOSOS Arrazakeriako etxeko lanaren arloko teknikaria
Bien ustez, ez gizarteak eta ez erakundeek ez dute etxeko lana merezi duen bezala onartzen. «Emakume askok lotsa sentitzen dute etxeko langileak direla esatean». Borroka hori sinbolikoa ere badela azpimarratu zuten: «Lan hau beste edozein bezala baloratu behar da».