Etxerako buelta gazi-gozoa

Gorabidek adimen urritasuna dutenentzat antolatutako udako oporretako talderik handiena gaur itzuli da Bilbora. Guztira, 600 pertsonak hartuko dute parte aurten.

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Batzuk joan eta besteak etorri. Tartean negarrak eta barreak, agurrak eta ongietorriak. Bilboko Jesuiten ikastetxeko jolastokian emozioak borborka zeuden atzo eguerdian, orduan baitzen bueltatzekoa Gorabide elkarteak antolatutako oporraldietan parte hartu duen talde handiena (212 pertsona), eta haien ostean zen abiatzekoa abuztuko bigarren txanda. Emozio gazi-gozoak izan ziren maleten bueltan: batzuek oporrei eta lagunei agur esan zieten, eta besteek, familiari. Gehienak, triste atzean utzitakoagatik, baina pozik heltzear dagoenagatik.

Bizkaian adimen urritasuna dutenak laguntzeko sortu zen Gorabide, 1962. urtean, eta, ordutik, udako oporraldia programaren parte esanguratsu bat izan da. Denboraren poderioz bisitatu dituzten tokiak eta ekintzak aldatu badira ere, helburua berbera da, Maite Fernandez Gorabideko aisialdi zerbitzuetako zuzendariak azaldu duenez: «Atseden hartzea, toki eta ekintza berriak ezagutzea, eta hori guztia besteen konpainian gozatzea». Aurten Zarautzera (Gipuzkoa), Iruñera, Villanuara (Espainia) eta Comarrugara (Herrialde Katalanak) joan dira; guztira, hamahiru helmuga turistiko, eta bi asteko 22 txanda.

Fernandezek nabarmendu du eskaintzen dituzten baliabideen eta erabiltzaileen adinaren araberakoak direla aukeratutako tokiak, baina gaineratu du parte hartzaileen eskariei ere garrantzia ematen dietela bidaiak antolatzeko orduan: «Batzuek lagunekin edo aurreko urteko boluntario jakin batekin joan nahi dute; beste batzuek hondartzara edo hirira joatea eskatzen dute... Hori guztia kontuan hartu, eta txandak ahalik eta ondoen antolatzen saiatzen gara». Adin guztietako jendeak hartu du parte oporraldietan. Adingabeak uztaileko txandetan joan ziren, eta helduak, abuztukoan. Goiz osoan, 200 bat bueltatu dira, eta beste horrenbeste joan dira oporretan.

Iruñetik iritsi da lehen autobusa, eta handik jaitsi da Jose Ramon de la Figera barakaldarra. Mercedes arreba du zain. Hirugarren oporraldia du Gorabiderekin, eta argi du hurrengo urtean bueltatuko dela: «Oso ondo pasatu dut Iruñetik paseoan»; barrezka erantsi du kalera pintxotan joatea oso gustuko duela, eta han aukera paregabea izan duela. Abuztuko azken egunak etxean aprobetxatu nahi ditu. Irailean lanera bueltatu behar duela azaldu du, atsekabez. «Denon moduan», bota dio arrebak, txantxetan.

Iruñetik etorritakoek ikastetxeko jolastokia hustu dutenean, beste bi autobus iritsi dira Zarautz eta Hondarribitik, eta berriz bete da patioa senide eta lagunez. Sebastian Mellan bilbotarrari familia osoa etorri zaio bila. Udako oporraldien «beteranoa» da Mellan, haren amaren esanetan. Oso ondo pasatzen duela eta horregatik bueltatzen dela azaldu du Mellanek: «Lagun asko ditut aurreko urteetakoak, eta guk nahi dugun tokietara joateko aukera izaten dugu».

Izatez, oporraldion ardatza da parte hartzaileak izatea euren oporren antolatzaile, haien autonomia sustatzeko. Boluntarioek soilik dinamizazio lana egiten dute. Paula Txabarri aurten lehen aldiz joan da boluntario. Aurretik lan egina zuen adimen urritasuna dutenekin, baina hamabost egunez haiekin egonda jabetu da «zeinen konplikatua» izan daiteken oporren moduko gauza «sinple» bat kudeatzea. Nabarmendu du parte hartzaileen esku egotea eguneko plangintza: «Jarraibide batzuk ematen dizkiegu, eta gainontzekoa haiek erabakitzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.