Etxerat elkarteak hasi du alderdi politikoekin egin asmo duen bilkura sorta. EH Bildu koalizioarekin egin zuen lehenengoa, atzo. Mattin Troitiño Etxerat-eko kideak azaldu zuenez, gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan erantzun eta salaketa «bateratu bat» lortu nahi dute. Izan ere, egoera «jasanezina» dela salatu du Troitiñok. Pernando Barrenak (ezker abertzalea), Pello Urizarrek (EA), Asun Fernandez de Garaialdek (Aralar) eta Xabi Sotok (Alternatiba) ordezkatu dute EH Bildu bileran. Josu Uribetxeberria eta gaixo larri diren beste presoak berehala aske uzteko exijitu dio koalizioak Espainiko Gobernuari, bileraren ostean zabaldutako oharrean. Gainontzeko alderdiei, berriz, «erantzukizunez» jokatu eta Espainiako Gobernuari eskaera bera egiteko deia egin die.
Uribetxeberriaren egoerak ez duela atzera bueltarik eta hil egingo dela adierazi diete senideek EH Bilduko kideei. Mezu «hain gordina» entzunda, EH Bilduk ere preso arrasatearraren eskubideen alde lanean jarraituko duela adierazi diete senideei koalizioko ordezkariek. Uribetxeberriaren egoera eragotz zitekeela gogorarazi dute, eta haren egoera dela «mendekuzko eta salbuespenezko» espetxe politikaren adierazlea. Halaber, ohartarazi dute euskal preso askoren bizia «arrisku larrian» dagoela, eta badela garaia «espetxe politika hau deuseztatzeko». Gainera, Aieteko Adierazpena gogora ekarriz, salatu dute Espainiako Gobernuak Euskal Herrian hasi den konponbide prozesua baldintzatu nahi duela, PSOEren laguntzarekin.
Etxerat-eko Mattin Troitiñok jakinarazi du alderdi politiko guztiei biltzeko eskaera egina dietela. Ez dute iragarri erantzunik jaso ote duten, baina jakinarazi dute ostiralean Iñigo Lamarka EAEko arartekoarekin bilduko direla. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoak espetxean eta etxetik urrun dituztela ere gogorarazi du Troitiñok, eta esan du lehen pausoa preso horiei ezartzen zaizkien neurriak indargabetzea izan beharko litzatekeela. Aldarrikatu du preso horiek guztiek etxean eta aske behar luketela, eta Uribetxeberria «berehala» askatzeko eskatu du, beste behin. «Josu hil egingo da. Horregatik, egoera honen eta sufrimendua eta heriotza besterik ez dakarren espetxe politikaren erantzule zuzenak bilatu eta aurkituko ditugu», gaineratu du. Pello Urizarrek (EA) ere esan du gaixo larri diren presoek etxean beharko luketela, «gizatasunagatik», Radio Euskadin eman duen elkarrizketa batean. Bide horretan, PPren gobernuari urratsak egiten hasteko eskatu dio.
Mobilizazioak erietxe aurrean
Herrira mugimenduak, berriz, mobilizazioekin jarraituko du aste honetan, Arrasateko manifestazioan iragarri bezala. Gaurtik ostirala bitartean, egunero egingo dituzte mobilizazioak Donostiako Ospitalean, bertan baitago Josu Uribetxeberria presoa. Gaur hamalau orduz izango dira bertan, eta besteak beste, elkarretaratzeak egingo dituzte; goizez, 10:45ean, eta arratsaldez, 19:00etan. Gipuzkoako hainbat apaizekin ere bilduko dira gaur Herrira mugimenduko kideak. Bihartik ostiralera arte, berriz, elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, 11:00etan. Bihar, sindikatuetako kideak izango dira elkarretaratzean; ostegunean, alderdi politikoetakoak eta kargu instituzionalak dituztenak; eta ostiralean, eragile sozialetako kideak.
Erro ama ikustera ekarri dute
Iñaki Erro presoa —gaixotasun larria du— Almeriatik (Espainia) Iruñeko espetxera ekarri dute, ama bisitatzera. Gaixorik du ama, ospitalean, eta larunbatean ikusi ahal izan zuen, ekarri zuten egun berean. Errok hogeita bost urte daramatza espetxean, eta 2017 arte luzatu diote zigorra, 196/2007 epaia ezarrita. Joan den abenduan bihotzekoa izan zuen, eta hiru stentjarri behar izan zizkioten. Herrira-k Erro Almeriara bueltan ez eramateko eta aske uzteko eskatu du: «Uribetxeberriaren kasuan garbi ari gara ikusten nolako ondorioak dituen gaixo larri diren presoak espetxean edukitzeak».
Etxerat alderdiekin biltzen hasi da, gaixo larri diren presoen inguruan
Mobilizazioak egingo ditu Herrira-k egunero, Donostiako Ospitalean; Etxerat-ek bilera bat egin du EH Bilduko kideekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu