Etxerat elkarteak bat egin du Egin Dezagun Bidea egitasmoak urtarrilaren 7rako Bilbon antolatu duen manifestazioarekin; eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egin die. «Sinetsita gaude ikaragarria izan behar duela. Eta ziur gaude hala izango dela». Etxerat-ek XI. Batzar Nazionala egin zuen igandean, Estibalizen (Araba). Batzarraren amaieran jakinarazi zuen urtarrilaren 7an presoen senideak berak ere Bilbon izango direla. Urtarrileko lehen astebururako espero zituzten bisitak ez dituzte egingo. Bilbon herritar asko bil dadin, manifestazioaren orduan komertzioak eta dendak ixteko ere eskatu du Etxerat elkarteak; baita antolatuta zeuden kultura eta kirol jarduerak bertan behera uzteko ere: «Denok egon behar dugu Bilbon». Etxerat-ek gogorarazi du bere konpromisoa «argia» dela eta lanean jarraituko duela: «Pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren jokaleku bat eraiki nahi dugu. Preso eta iheslaririk gabeko jokalekua».
Bide horretan, gaur, 12:00etan, Etxerat Arartekoarekin bilduko da Donostian; bilkuran izango dira gaixotasun larriak dituzten edo Parot doktrina ezarri dieten presoen senideak. Herritarrei Arartekoaren egoitza aurrera azaltzeko deia egin die Etxerat-ek.
Puerto III kartzelan, protestan
Arkaitz Bellon eta Sebas Lasa euskal presoek, berriz, utzi egin dute Puerto III-n hasi zuten gose greba. Lehengo astean, funtzionario batekin eztabaida izan zuten, gimnasiora sartzen utzi ez zielako, eta bakartu egin zituzten biak. Horregatik egin dute protesta astebetez. Orain, funtzionarioaren jarrera «autoritarioa eta inposatzailea» salatzeko, Bellon eta Lasaren kideek egingo dute bi egunez gose greba.
Etxerat Bilboko kaleetan izango da urtarrilaren 7an
Senideek ez dute bisitarik egingo asteburu horretan, eta manifestazioan parte hartzera dei egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu