Etxerat-ek salatu du sakabanaketak bi istripu eragin dituela udan

Sakabanaketa politika amaitzeko eskatu dute presoen senideek, eta gaixo diren presoak «berehala» askatzeko

Bakartxo Ruiz eta Mari Jose Jaso —Zigor Ruiz presoaren arreba eta ama—, istripuaren berri ematen. IÑIGO URIZ / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Espetxera bidean bi auto istripu izan dira uztailean. Etxerat-ek sakabanaketaren ondorio direla salatu du, eta horregatik eskatu du espetxe politika aldatzeko. «Espetxe politikak iraganeko oroitzapen beltza izan behar du», esan du Nekane Perez Etxerat-eko kideak. Lehenbiziko istripua uztailaren 16an izan zen; Rosa Iriarte eta Aiala Zaldibar bisitatzera zihoazen senide eta lagunek izandakoa. Joan den asteburuan izan zen bigarrena; Zigor Ruizen senideek izan zuten. Ez da inor larriki zauritu. Halere, atzo Etxerat-ek Iruñean antolatutako prentsaurrekoan ubeldu eta zauriak nabarmen ageri zituzten istripua izan zuten senide batzuek.

Aurten zortzi istripu izan dira sakabanaketaren ondorioz, eta joan den urtean, 11; sakabanaketa politika hasi zutenetik, 400. Orotara, hamasei lagun hil dira istripu horietan. Joan den asteburuan gertaturikoak sakabanaketaren «errealitate gordina» azaltzen duen «paradoxa» dela uste du Perezek; batzuk euskal presoen eskubideen alde mobilizatzen ziren bitartean, espetxera zihoan auto batek istripua izan zuen. «Eskubide urraketa etengabea, alde batetik, eta euskal jendartearen gehiengoa espetxe politika arbuiatzen, beste batetik».

Sakabanaketarekin amaitzeko «beharra» aipatu zuen Perezek, eta, bidenabar, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «berehala» askatzeko eskatu zuen. Txus Martin eta Ibon Iparragirre aipatu zituen, adibidez, Jeiki Hadi elkarteak egoera larrian direla salatu baitu. «Ordainik gabe askatu behar dituzte». Parot doktrina deuseztatzeko beharra ere aipatu zuen Etxerat-eko kideak. 71 presori eragiten dio neurri horrek, eta bizi osorako zigortzat du Etxerat-ek. Nazioartean ere geroz eta gehiago dira espetxe politikaren aurkakoak, Etxerat-en aburuz. Nazioarteko Harreman Lan Taldea, Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sariduna, Nazio Batuen ikuskatzaile bereziak, Human Rights Watch eta Amnesty International aipatu zituzten horren adierazgarri.

Testigantza zuzenak

Rakel Iriartek uztailaren 16an izan zuen istripua, eta haren testigantza zuzena eskaini zuen atzo. Bere ahizpa Rosa Iriarte bisitatzera zihoan, alboan ama eta beste bi lagun zituela. Autoa «oso gaizki» gelditu zen, baina haiek ez zuten zauri larririk izan. Iriarte haurdun dago, ordea, eta larritu egin zen. Bisita egiteko aukera izan zuten, azkenean, baina sakabanaketak eragiten duen kaltea aipatu zuen Iriartek. «Asteburuak pasa ahala, gure estutasuna handitzen doa, eta nekea metatu egiten da».

Elkarrekin zirela izan zuten istripua Mari Jose Jasok eta Bakartxo Ruiz Bilduko Nafarroako bozeramaileak ere. Prentsaurrekoan izan ziren ama-alabak gertatutakoa azaltzen, eta ubeldurak ageri zituzten aurpegian. Lepokoa ere bazuen Jasok. Uztailaren 30ean izan zuten istripua, gidariak une batez arreta galdu omen zuelako. Autoa «erabat matxuratuta» geratu zen. Ez zuten zauri larririk izan, baina lepoan zartakoa jasan zuten. Senidea ikusteko aukera izan zuten, azkenean, baina amak salatutakoaren arabera, bisitaren aurretik miatu egin zuten. Haren ustez senideek ez lukete istripurik, umilaziorik eta krudelkeriarik jasan behar, eta presoen eskubideen alde egiteko eskatu zion gizarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.