Etxerat-ek salatu du Xabier Arinak eraso bat jasan duela Almeriako kartzelan

Funtzionarioek eta guardia zibil batek tratu «oldarkorra» eman diotela salatu du Etxerat-ek

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Etxerat-ek prentsa ohar baten bidez jakinarazi du Xabier Arina preso burlatarrakeraso bat jasan duela Almeriako espetxean. Urtarrilaren 31n, funtzionario bat eguneko kontaketa egiten ari zen, eta Arinaren ziegara iristean presoari eskatu zion altxatzeko. «Funtzionarioa oldarkor jarri zen, eta beste bost funtzionariori deitu zien. Guztiak ziegan sartu ziren, eta, iraintzen zuten bitartean, arrastaka atera zuten». Etxerat-en arabera, Arinak inongo erresistentziarik jarri ez arren, «era bortitzean» eraman zuten beste ziega batera. Leihoa zabalik zenez han, hotz handia egiten zuen, baina «modu bortitzean biluztera behartu zuten», eta gauza guztiak miatu zizkioten.

Biharamunean, berriz Valdemorora eramango zutela esan zioten. Etxerat-en arabera, lekualdatzean, guardia zibil bat Arina miatzen hasi zen, eta beste bik «kolpeak eman zizkioten izterrean eta barrabiletan». Lau egun iraun zuen lekualdatzeak, eta Granada, Kordoba eta Puerto IIIn pasatu zituen gauak. Kordoban, guardia zibil berarekin topo egin, eta berriro iraindu zuen. Azkenean, otsailaren 4an iritsi zen Valdemorora.

Arina 2010eko urrian atxilotu zuten, Segiko kide izatea egotzita. Etxerat-ek salatu du horrelako erasoak «behin eta berriz» gertatzen direla presoen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.