EUSKAL PRESOAK

Etxerat-en arabera, 390 presok hasi dute Uribetxeberriaren aldeko borrokaldia

Arnaldo Otegik bat egin du protestekin. Uribetxeberriari biopsia eta eskaner frogak egin dizkiote gaur. Diagnostikoaren zain dago; Espetxe Zuzendaritzak dio proba horien emaitzen arabera erabakiko duela aske uzten duen edo ez. Herrirako ordezkariek jakinarazi dute senideek salaketa jarri dutela asteburuan Uribetxebarria zaindu duten ertzainen aurka, presoari lo hartzea galarazi omen zioten.

2012ko abuztuaren 13a
16:04
Entzun

Etxerat-ek emandako azken datuen arabera, 390 presok hasi dute jada Josu Uribetxebarria preso gaixoaren egoera salatu eta haren baldintzapeko askatasuna eskatzeko borrokaldia. Haietako gehienak gose greban daude, eta besteak, berriz, bestelako borrokak burutzen ari dira: itxialdiak zeldetan, espetxeko janariari uko egitea edota elkarretaratzeak. 

Gose greba daudenen artean dago Arnaldo Otegi; izan ere, Ezker abertzaleko kideak gose grebarekin bat egin duela iragarri du twitter sare sozialaren bidez: "Iosu Uribetxeberriari elkartasuna adierazteko, mugarik gabeko gose greba hasi dugu Logroñoko espetxean", dio Otegik. Bateragune auziko presoak gaur 1034. eguna du kartzelan. Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak erabakia baieztatu du.

Uribetxeberriak berak seigarren eguna egingo du gaur gose greban. Asteartean hasi zuen gose greba Donostiako Ospitaleko ziegan, jasaten ari den muturreko egoera salatzeko. Gaur kaleratutako oharrean Donostia Ospitaleak jakinarazi du biopsia eta eskaner frogak egin dizkiotela Uribetxeberriari eta presoak egonkor jarraitzen duela. Diagnostiaren zain dago orain Uribetxeberria; Espetxe Zuzendaritzak dio proba horien emaitzen arabera erabakiko duela aske uzten duen edo ez. Espainiako Barne Ministeriotik adierazi dutenez, medikuek hala gomendatzen badute, Uribetxebarria aske uzteko prest dago Gobernua. 

Arrasatearrak metastasia du. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso eduki dute, eta gaixotasuna okertu zaio. Beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea. 

Herrira mugimenduak jakinarazi du bihartik aurrera elkarretaratzeak burutuko dituela egunero Iruñean, 12:00etan, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean; "Josu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten preso guztien askatasunaren alde". Bestetik, gaur 18:00etan elkarreratzea egingo dute Iruñeko kartzela berriaren aurrean, Iñaki Erro preso gaixoa aske uztea eskatuz.

Salaketa

Herrirako ordezkariek jakinarazi dute senideek salaketa jarri dutela asteburuan Uribetxebarria zaindu duten ertzainen aurka, presoarekiko izandako jarrera dela-eta. Elkarteko kideen esanetan, lo hartzea galarazi zioten arrasatearrari.

Bitartean, larunbatean jendetza bildu zen Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika salatzeko eta euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko Donostian eginiko manifestazioan. Protestaren leloa orokorra izan arren — Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira—, euskal presoekin lotuta asteon izan diren bi gertakari nagusiak izan zituzten gogoan. Batetik, Donostiako ospitalean preso jarraitzen duen Josu Uribetxeberria aske uzteko eskatu zuten, eta, bestetik, Iñaki Egibarren senideek asteartean izan zuten auto istripua salatu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.