Etxerik ez, eta kanporatu nahian

Basurtuko beilatoki zaharrera itzuli dira berriro Poliziak kanporatutako etorkinak. Atxilotuta orduak egin zituzten, eta kanporatzeko agindua ezarri diete. Haserre daude, beren herrialdeetara itzuli nahi dituztelako.

Basurtun utzitako eraikin batean jarrita daukate bizilekua Poliziak kanporatutako etorkinek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Asko sufritzen ari gara; gure herrialdera bidali nahi gaituzte». Horixe adierazi du Bilboko Basurtu auzoko beilatoki zaharrean bizi den etorkin gazte batek, asteazkenean Espainiako Poliziak eta Bilboko Udaltzaingoak eginiko sarekadaren harira. Patxi de la Fuente SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez, goizeko zazpiak aldera utzitako eraikin horretan sartu eta han zeudenak identifikatzen eta furgonetetan sartzen hasi ziren, eta Indautxuko polizia etxera eraman zituzten.

Atxiloketei buruzko datuak ez datoz bat. Bilboko Udaleko Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, 63 lagun identifikatu zituzten, eta 45 atxilotu. Herenegun gauean, ordea, De la Fuente zaintzako epaitegira joan zenean, hamabost ziren atxilotu moduan jasota zeuzkatenak. SOS Arrazakeriako kidearen esanetan, pertsona bat atxilotzean berehala jakinarazi behar diote epaitegiari. Ordea, kasu horretan zenbakiak ez datoz bat: epaitegian hamabost ageri dira; udalaren arabera, 45 dira. «Atxilotuek ez dakite zehazki zenbat izan ziren, baina 30 inguru zirela adierazi dute. Udalak emandako datuari gehiago hurbiltzen zaizkio», argitu du.

SOS Arrazakeriak salaketa jarri du Arartekoaren aurrean, atxiloketak legezkoak izan ziren jakiteko. Hala adierazi du De la Fuentek: «Zerbait gaizki dago, edo jendea atxilotu dute eta ez dute epaitegian abisurik eman. Ez da legezkoa. Gure ustez, oso irregularra da, ez dituelako bermatzen atxilotuaren eskubideak».

SOS Arrazakeriako kideak azaldu du atxilotu gehienek ez zutela izan abokatuaren laguntzarik. Zaintza epaitegian ageri ziren hamabost atxilotuetatik zazpik izan zuten abokatuaren laguntza. Zazpi horiek kanporatze agindua dutela ziurtatu du De la Fuentek. «Epaitegian ageri diren gainontzeko zortziek ere izan beharko lukete, baina ez dakigu; ez zuten abokaturik, eta zaila da zaintzako epaitegiak horrelako informazioa ematea».

Egoera umiliagarria

Basurtuko beilatoki zaharrak beste itxura bat zuen atzo goizean. Hamar lagun inguru zeuden, gehienak lo, eta itzarrik zeudenak, hitz egiteko gogo gutxirekin. Gazteetako batek adierazi zuen «haserre» daudela, euren herrialdera bidali nahi dituztelako.

Bilboko Udalak helarazitako informazioaren arabera, 63 lagun identifikatu zituzten herenegun eraikinean. De la Fuenteren esanetan, ordea, zaila da zenbaki zehatza jakitea; izan ere, normalean alde batetik bestera ibili ohi dira, leku hobe baten bila. Bestalde, SOS Arrazakeriako kideak uste du Poliziaren sarekadak eragina izan duela: «Ziurrenik, lehenengo egunetan beldurra izango dute; gainera, egunean jende gutxi egoten da: gauean biltzen da jendea. Han ez bada, beste toki batean egongo dira lo, etxerik ez daukan jendea baita».

Paperik ez daukaten etorkinen egoera salatu du De la Fuentek: «Baldintza oso kaskarrak eta umiliagarriak dituzte». Era berean, udan are zailtasun handiagoak izaten dituztela azaldu du: neguan izaten dute aukera aterpetxeetan egoteko, baina, udan, gehienez ere hiru gau igaro ditzakete. Hori dela eta, arazoa konpontzeko borondatea eskatu diote udalari, eta udaltzainek sarekadan izandako jarrera salatu. Etorkin horien egoerari errepresioaren bidez erantzutea leporatu diote herriko etxeari, eta egoera hobetzeko egindako proposamenak kontuan ez hartzea. «Aukera gutxien daukan jendearen aurkako indarkeria da. Herenegungo egoera berean edo okerragoan daude kalean pertsona horiek gaur egun; euren egoera erregularizatzeko zaitasun handiagoak izango dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.