Etxetik kanpo jatea, zaila oraindik ere

Zeliakoek etxetik kanpo jan behar dutenean izaten dute zailtasun gehien; gero eta taberna, jatetxe eta hotel gehiagotan eskaintzen dituzte gluten gabeko menuak, baina oraindik gutxi dira.

N.Ares Amaya
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Supermerkatuetan zeliakoentzako elikagaiak aurkitzea zaila da, baina zailtasun handienak etxetik kanpo jaterakoan sortzen direla uste du Amparo Cervo Ezegui Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteko ordezkariak. Oraindik ere oso jatetxe, taberna eta hotel gutxitan dituzte zeliakoek jan ditzaketen menuak. Etxetik kanpo jaterakoan, FACEk urtero argitaratzen duen elikagaien zerrenda eraman behar dute zeliakoek, eta eskatutako janariak horrelakorik ez duela ziurtatzeko, jatetxeetan galdetu egin behar dute.

Hori dela eta, eta kanpoan «lasaiago» eta «segurtasun osoz» jan ahal izateko, Ezeguik ostalaritza arloko profesionalekin proiektu berezia abiatu zuen orain urte bi, profesionalak zeliakiaren inguruan trebatzeko, zeliakoentzako jana prestatzeko. Horren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taberna, jatetxe eta hoteletako arduradunei dei egin zieten, eta proiektura batzeko aukera eman zieten. Atxikitako lekuek zeliakoentzako menuak dituzte, eta, bertako langileek zeliakiaren inguruko trebakuntza dutenez, elikagaiek glutenik izango ez dutela ziurta dezakete.

Izan ere, ez da nahikoa gluten gabeko elikagaiak erabiltzea. Aurretik jan glutenduna egiteko erabilitako olioa gluten gabekoa egiterakoan erabiltzeak, adibidez,janaria kutsa dezake.

Proiektuak ez du izan espero izandako harrera, eta oraindik gutxi dira atxikitako negozioak. Araban hogei negozio inguru daude proiektuan; Gipuzkoan zazpi dira, eta Bizkaian, bost. «Tabernetara joaten gara, eta langileei ikastaroak ematen dizkiegu, bertara zeliakoak joaten direnean jakin dezaten zer eman ahal duten eta zer ez». Zeliakoentzako menuak ematen dituzten jatetxeekin, hotelekin eta tabernekin gida bat osatzen ari dira Ezeguiko kideak.

Horietako bat da Donostiako Alde Zaharreko Gandarias jatetxea. Bada urte eta erdi zeliakoentzako menuak eta pintxoak eskaintzen dituela. Gregori Iturrioz jabeak azaldu legez, «oso pozik» daude erabakiarekin. Jatetxera jende asko joaten zaie gluten gabeko janari eske. «Jendeari aukerak zabaltzeko erabaki genuen zeliakoentzako janaria prestatzea. Taldean pertsona bakarra zeliakoa izanik, nahikoa da taldea etortzeari uzteko; edo, etorri, eta ogirik ez daukazu. Sartu ginen, ikusi genuen konplikatua ez zela, eta egin genuen karta berezi bat haientzat, gauza oso konplikatuak alde batera utzita».

Gandariasko langileek bezala ikastaroa egin eta gero, Donostiako Gros auzoko Andra Mari jatetxean eta Alde Zaharreko Aralarren ere orain bi urte hasi ziren zeliakoentzako menuak eskaintzen. Bi jatetxeetako jabe David Garranchok dioenez, haiek ere «oso pozik» daude erabakiarekin. Eskaintzen dituzten plater gehienak zeliakoek jateko modukoak izanik, jan ezin dituztenak baino ez dituzte markatuko karta berrian. Orain arte ez dituzte markaturik izan.

Lagun baten semea zeliakoa izanik, Adeguirekin harremanetan jarri zen. Nutrizionista bat ikastaroa ematera joan zitzaien gero jatetxera; lehenenik, erabiltzen dituzten produktuen markak begiratu zituzten, eta horietako batzuk aldatu. Amaitzeko, zeliakoentzako elikagaiak prestatzeko jarraibideak eman zizkien.

Tabernetako langile guztiak trebaturik daudela ziurtatzeko, Adeguik urtero azterketa egiten die atxikitako taberna, jatetxe eta hotelei, eta bertako langile berriei trebakuntza ematen die. «Etortzen diren zeliakoek asko eskertzen dute gu seguru egotea, eskaintzen dizkiegun platerak jan ditzaketela jakin dezagun, eta argi azaltzea zeintzuk jan ditzaketen eta zeintzuk ez», azaldu du Garranchok.

Zeliakoentzako menuak eskaintzen hasi zirenetik, ordea, Andra Markoi eta Aralarreko sukaldeetan ez da izan aldaketa handirik, gehienetan aldatu beharreko kontuak «txikiak» izan direlako; batzuetan produktuaren marka aldatuta nahikoa dela dio bertako jabeak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gidaren moduko bat du Nafarroako zeliakoen elkarteak ere. Gluten gabeko menuak eskaintzen dituzten Nafarroako jatetxeak jasotzen ditu, zeliakoek erraz topatu ahal izateko. Orotara,40 inguru dira; gehienak Iruñan daude, baina asko beste herrietan daude, hala nola Oliten, Leitzan,Agoitzen eta Lizarran.

Ikastetxeko jantokian

Catering enpresa gehienek zeliakiaren inguruko trebakuntza badute ere, eta urtero FACEk argitaratutako zerrenda jasotzen duten arren, ikastetxeetan jatea ere zaila dela dio Cervok. Izan ere, zeliakoentzako menuak ematearekin ez da nahikoa, haren ustez. Ohartarazi duenez, Hego Euskal Herriko catering enpresa gehienek umeen arteko bereizketa egiten dute oraindik ere. «Sentsibilitate falta» dela eta, ume zeliakoei menu baliokideak jarri beharrean, bazkaltzeko oso janari diferenteak jartzen dizkiete maiz.

«Borrokatzen ari gara beste lagunei espagetiak jartzen dizkietenean haiek tortila frantsesa jan behar izan ez dezaten, adibidez. Glutenik gabe jan behar dute, bai, baina menuak ahalik eta antzekoena izan behar du; umea ez dadila bazterturik sentitu beste gauza bat jan behar duelako».

Ikastetxeetan ez ezik, udaleku askotan ere antzera jokatzen dutela salatu du Cervok: «Iaz, alaba udaleku batzuetara bidali nuen, eta bueltan esan zidan besteei izozkia jarri zietela postrerako, baina ez zirela ausartu berari ematen. Udalekukoekin hitz egin nuen, eta platanoa eman ziotela erantzun zidaten. Azken finean, umeak dira, eta ez dute bazterturik sentitu behar; haiei ere gustatuko litzaieke besteek jaten dutena jatea. Hori gutxitzen saiatzen gara, baina ez da lortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.