Etxez etxeko arta zerbitzuaren prezioa murrizteko eta egun barne hartzen ez dituen beste taldeetara zabaltzeko beharra antzeman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Atzo aurkeztu zuten sektorearen inguruko azterketa, Donostian, eta, jakinarazi zutenez, azken urteetan zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua nabarmen murriztu da. Beherakada horri aurre egiteko, erakundeek eskatzen duten berrordaintzeari mugak ezartzea proposatu zuten.
Deustuko Unibertsitatearekin batera egindako ikerketaren arabera, zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua %20 apaldu da 2007 eta 2013 artean; 2007. urtean, 6.146 pertsona artatu zituzten, eta 2013an, berriz, zenbakia askoz txikiagoa izan zen: 4.875 lagunek baino ez zuten laguntza hori jaso.
Etxean artatua izateak duen prezioa, zerbitzuaren ordu kopurua txikiegia izatea eta horren inguruan sortutako merkatu beltzaren lehiakortasuna izan dira beherakadaren eragile nagusiak, azterketak ondorioztatu duenez. Hala izanik, berrordainketa mugatu beharraz mintzatu dira Ander Rodriguez Gipuzkoako Aldundiko gizarte politikako diputatua eta Iker Uson ikerketaren koordinatzailea, hau da, zerbitzua ematearren erakundeek eskatzen duten dirua merkatzeaz.
Ez da hori proposatu duten aldaketa bakarra; egungo sistema sakon eraldatzeko aukera jarri dute mahai gainean: zerbitzu orduak zabalduz hala behar dutenentzat, eta zerbitzuak barne hartzen dituen egitekoei berriak gehituz. Hala, orain arte etxez etxeko laguntza jasotzen ez zuten beste taldeei ere zerbitzua zabaltzeko proposapena egin zuten: bazterketa arriskuan dauden familietako gazteek eta zaintza beharrak dituzten beste herritarrek ere horren beharra dutela azaldu zuten Usonek eta Rodriguezek.
Eraldaketa hori egin ahal izateko, zerbitzuari buruzko «akordio berri bat» lortzeko deia egin du Rodriguezek: beharrezkotzat jo du etxez etxeko laguntza zerbitzuaren ikuspegiari, edukiari eta finantzaketari buruz hausnartzea. Udal zerbitzua bada ere, egun, Gipuzkoako Aldundiak horren %70 finantzatzen du.
Ez dute oraindik zehaztu zerbitzua zabaltzeak zenbateko aurrekontua eskatuko duen, baina, Rodriguezen arabera, «bideragarritasuna erakundeen lehentasunen araberakoa izango da».
Zerbitzuaren zabalpena
Langileen eta zaintza jasotzen duten pertsonen arteko harremanak egonkorrak izan daitezen «gehiago lagundu» behar dute erakundeek, Deustuko ikertzailearen eta aldundiko ordezkariaren ustez. Funtsezkoa baita hori kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko eta zerbitzuaren lehiakortasuna ziurtatzeko.
Mendekotasun handia eta laguntzaren behar zabala dutenen kasuan, zailagoa izaten da hori, laguntza handiagoa behar dutelako, eta beraiekin egongo den norbaiten beharra dutelako ordu luzez. Familia askorentzat ez da ekonomikoki bideragarria izaten hori, ezin baitiote horrenbeste ordu ordaindu zaintza lanean arituko den norbaiti. Hori dela eta, argitu dute zerbitzua berrordaintzeari mugak ezartzeak zerbitzua bideragarri egiten lagun dezakeela. Oraindik ere, ez dute zehaztu berrordainketa nola kalkulatuko duten edo horri zer-nolako mugak jarriko dizkioten.
Egun, erakunde publikoek eskainitako zerbitzua diru sarrera txikiak dituzten hiritarrentzat erakargarria bada ere, ahalmen ekonomiko ertaina eta handia dutenentzat garestiegiak direla zehaztu zuten; hori dela eta, ondarea kalkuluetatik kanpo uztea ere ari dira aztertzen. Neurri horiek hartuta, herritar orok bere etxean bizitzen jarraitzeko aukera izan dezan nahi dute, eta haien bizi-kalitatea hobetu.
Langileak ere, babesturik
Langileen lan baldintzak hobetzea ere izango da gakoetako bat. Hain zuzen ere, behar-beharrezkotzat jo dute horretarako sektorea erregulatuko duen lan hitzarmen kolektibo bat sinatzea. Gaur egun, horretan dihardutenek ez dute lan itunik.
Mila langilek baino gehiagok egiten dute lan Gipuzkoako udalek eskaintzen duten etxez etxeko arta zerbitzuetan. Datu zehatzik eman ez badute ere, haietako gehien-gehienak emakumeak direla argitu dute ikertzaileek.
Etxez etxeko laguntzaren berrordainketa merkatzea proposatu du Gipuzkoak
Erabiltzaileen kopuruak %20 egin du behera azken urteotan.Arta zerbitzua hala behar duten gazteei ere zabaltzeko nahia azaldu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu