Eugenia Biurrun (Ekimen Ateoa elkarteko koordinatzaile nagusia): "Besteon askatasun aldarriak erasoak dira haientzat"

Irune Lasa.
2013ko martxoaren 17a
09:12
Entzun

Artean Franco bizi zen Eugenia Biurrun nafarrak apostasia egin eta eskumikatu zutenean. Iniciativa Atea (Ekimen Ateoa) elkarteko koordinatzaile nagusia da gaur egun. Munduko Ateoen Nazioarteko Aliantzako kide dira, eta www.iatea.org da haien webgunea.

Zer da Ekimen Ateoa, eta zein dira zuen helburuak?
Pentsamendu askeko pertsonen elkarte bat gara, nazioartekoa, baina Espainian dago erregistratua elkartea. Eztabaida bultzatzeko batu gara, batez ere, laizismoa lortzeko xedearekin. Ez dugu inor konbentzitzeko, doktrinatzeko asmorik, ezta inori ezer inposatzeko ere, baina eztabaidatu dezakegu gaioi buruz. Gero, gertatzen dena da laizismoari buruz badagoela lanik egiteko gizartean, eta gure militantzia, batez ere, laizismoaren aldarrikapenean oinarritzen da.

Zer pentsatzen duzue gure artean, batez ere, Eliza katolikotik laizismo oldarkorra, sekularismo erradikala eta halakoak esaten direnean?
Termino horiek haiek asmatzen dituzte, besteon askatasunaren aldarrikapenak haien kontrako eraso gisa hartzen dituztelako. Azkenean, haien ustez, askatasuna besteon gainean inposatzea da. Nahi dutena egiten uzten ez zaien edo kontra egiten zaienean, eraso dietela sentitzen dute.

Ratzingerrek AEBetan esan zuen ateismoa askatasun erlijiosoaren aurkakoa zela.
Halakoak esaten ditu hark. Baina argi dago gu bai gaudela askatasun erlijiosoaren alde. Hori egin dezakegu, guri berdin zaigulako pertsona batek bere erabakiz budista, kristau edo dena delakoa izatea aukeratzea. Erlijiosoak dira haiena erlijio bakarra dela uste dutenak; batez ere, erlijio monoteistetakoak.

Ateismoa bera ia erlijio bihurtu dela dionik ere bada. Zientzia, arrazoia ia dogma bihurtu direla uste duenik.
Hori absurdoa da. Gure artean erabiltzen dugun metafora bat erabiliz, hori esatea burusoiltasuna orrazkera mota bat dela esatea bezala da. Ateismoa sinesmenetatik erabat libre dago; sinesmenak beste mundu bat dira, eta arrazoia sinesmenen aurretik jartzea giza burmuinaren oinarrian dago guretzat. XXI. mendeko egun hauetan, gauden bezala egotea da guk ulertzen ez duguna.

Nola gaude bada? Zein interpretazio egiten duzue?
Badirudi munduan gehiengoak sinesmen bat duela, baina egia da portzentaje oso handiak ere, batez ere, gazteen artean, ez duela sinesmenik. Eta portzentaje handia diodanean, esan nahi dut normalean pentsatzen den baino handiagoa dela.

Munduan 1.100 milioi sinesgabe daudela dio ikerketa batek, hots, katolikoak adina.
Bai, eta, adibidez, Espainian, CISeko datuen arabera, %20tik gora dira sinesgabe edo ateoak. Igandero mezatara joaten direnen kopurua txikiagoa da. Gazteen artean, sinesgabeen batez bestekoa %40tik gorakoa da.
Irudipena dugu, ordea, ez direla inkestek erakusten duten bezainbeste. Normalean, oso independenteak gara, eta elkartzeko joera txikikoak: ez dugu proselitismorik egiten, ezta inor konbentzitzen saiatzen ere. Baina, nire ustez, erabat kontrakoa gertatzen da: sinesmen erlijiosorik gabeko pertsona gehiago daude dirudien baino.

Zer iritzi duzu ateismoaren lau zaldunei buruz? Adibidez, ateismo militantea armairutik ateratzea aldarrikatzen duen Dawkinsi buruz?
Neurri batean, ateismo hitza bera deabrututa egon da; moral faltarekin, libertinajearekin eta edozein motatako krimenekin lotu izan da. Eta hori aldatzen ari da, ateoak ikusgarriago bihurtu gara; neurri handi batean, gehienbat mundu anglosaxoian mugitzen diren eta zuk aipatu dituzun lagun horiei esker.

Hemen falta al da hori? Ateoak armairutik ateratzea?
Nik uste dut baietz. Baina gazteen gehiengo handi bat oraindik ere doktrinatua izaten da eskoletan. Guk uste dugu ateismoa normalena izango zela, inor doktrinatua izango ez balitz. Prozesu bat egongo da. Orain, gazte askori ez dio eragiten doktrinatze horrek, baina inori ez diote esaten, arazorik ez izatearren. Seme-alabak bataiatzen dituzte, aiton-amonak ez atsekabetzeko...

Badago kontraesan hori.
Ematen zaion inportantzia ere badago. Aintzat hartu behar da zein lege mota ditugun eta zenbateraino dauden lege horiek moral erlijiosoak baldintzatuta, adibidez, heriotza duina.

Ateismoa moral gabeziarekin lotu izan dela esan duzu. Ildo horretan, erlijioak edo fedeak hainbat erantzun eskaintzen ditu gizakiak heriotzaren, sufrimenduaren, gaizkiaren eta bizitzaren helburuen inguruan dituen ezinegonentzat. Horiei buruzko zein gogoeta egiten duzu zuk?
Hori izan daiteke erlijioen jatorria, kontsolamendua; adibidez, hurbileko baten heriotzaren aurrean edo erabat desagertzeko beldurraren aurrean. Baina nik uste dut dagoeneko zientziak nahikoa elementu eskaintzen dizkigula bizitza den bezalakoa dela ulertzeko, errealitatea den bezalakoa dela ikusteko eta nork bere burua ez engainatzeko, pentsatuz hiltzen garenean betiko bizitzen jarraituko dugula edo halakoekin... Alferreko kontsolamenduak dira. Baikotza kontsola dadila nahi duen bezala; gu ez gaude horren kontra, baina guk ez dugu horretan sinesten, eta uste dugu ez direla haurrak hori sinesteko doktrinatu behar. Hain zuzen, gure aldarrikapen nagusia, laizismoari dagokionez, hezkuntza laikoa izatea da.

Orain gutxi entzun genuen Donostiako gotzain Munilla gazteak ebanjelizatu behar direla esanez.
Dauden tokian bi mila urte badaramate, gizartean eta politikan izan duten eraginari esker da. Orain, eragina galtzen ari direnean, haien apustua haurrak doktrinatzea da, baina ez sinesmenaz kezkatuta daudelako, ez. Negozioa galtzearen beldur dira. Bueno, hori nire iritzi pertsonala da...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.