Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena. Bizkaiko ofentsiba

Euri artean, bonbak

Frankistek 1937ko udaberrian hasi zuten Bizkaiko erasoaldia. Tropa leialek gogor eutsi zieten, baina bonbardaketei amore eman behar izan zieten azkenik.

Hainbat gizon, gorpu bat erreskatatzen, Durangon. GEREDIAGA ELKARTEA.
Iñaki Petxarroman Amagoia Mujika
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Euritsua izan zen 1937ko udaberria. Horregatik baino gehiago, ordea, hirien aurkako bonbardaketengatik gogoratzen da. Durangon hasi eta Gernikaraino, Emilio Mola jeneral faxistak iragarritako «Bizkaia desegingo dut» mehatxuaren errealitate latzari aurre egin behar izan zioten Bizkaian, Bilbo erorita, herrialde osoa frankisten esku geratu arte.

Martxoak 31

Durango

Hegazkin faxistek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten. Lau hegazkin bonbaketarik eta bederatzi ehiza hegazkinek egin zuten erasoa. 300 bat lagun hil ziren. Molak Bizkaia desegingo zuela esan ondorengo lehen aire eraso bortitza izan zen, eta euskal herritarren artean beldurra eta etsipena zabaltzeko asmoa zuen.

Apirilak 1

Asensiomendi

Matxinatu frankistek Arrasate, Aramaio eta Legutioko posizioei eraso zieten. Borrokagune nagusia Asensiomendin gertatu zen. Frankistek porrot egin zuten eta 260 matxinatuk galdu zuten bizia. Faxisten abiazio boteretsuari aurre egiteko armamentu egokirik ez zuten,ordea, Errepublikaren aldeko indarrek. Egun berean Durango bonbardatu zuten bigarren aldiz, baita gudarien esku zegon Gorbeia ere.

Apirilak 3

Otxandio

Otxandioko defentsan ari ziren gudariak hegoaldetik nahiz ekialdetik inguratu zituzten. Gudariak larri zeudela ikusita, frankisten hegazkinek Otxandio bonbardatzeari ekin zioten. 40 hegazkin inguruk 5.000 bonba baino gehiago jaurti zituzten. Sarraski handia izan zen, eta 600 gudari inguru hil ziren. Otxandio, Urita, Ollargen eta Motxotegi, domino efektuan bezala, frankisten esku erori ziren. Alabaina, Bilbo-Gasteiz eta Otxandio-Barazar errepideak gurutzatzen ziren tokitik hurbil geratu ziren, eguraldi txarrak hegazkinen laguntzarik gabe utzi zituelako, eta uste baino erresistentzia gogorragoa topatu zutelako.

Apirilak 7

Urkiola

Frankistek Urkiolako fronteari eraso zioten egun berean, Kondor Legioaren hegazkinek gogor bonbardatu zituzten tropa leialak nagusi ziren lekuak. Bilbo, Igorre, Areatza, Elexabeitia eta Zeanuri bonben erasoaren jomuga izan ziren.

Apirilak 10

Dowming Street

Frankistek faxista alemaniarren eta italiarren erabateko laguntza izan zuten; aliatuek, aldiz, uko egin zioten tropa leialei laguntzeari. Erresuma Batuko Gobernuak, eztabaida luze baten ostean, bere gerraontziak Bilboko portutik urruti mantentzea erabaki zuen, Euzkadi ez zelako gai minaz jositako kostaldeko uretan sartzen ziren ontziak babesteko. Jose Antonio Agirre lehendakariak ukatu egin zuen hori, eta ontzi britainiarren segurtasuna guztiz bermatzeko gai zirela ziurtatu zuen.

Apirilak 12

Sabigain

Frankistak Sabigain mendia berreskuratu zuten. Bataila hartan 200 lagun baino gehiago hil ziren. Hurrengo egunean, ostera, berriro ere mendia berreskuratzeari ekin zioten gudariek, eta frankistak garaitu zituzten. Sabigain berreskuratuta, Urkiolako posizio faxistei eraso zieten.

Apirilak 19

Del Rio

Felipe del Rio Euzkadiren piloturik onena zen. Gerra hasiz geroztik, arerioaren zazpi hegazkin bota zituen. Etsaien aire eraso bati aurre egiten ari zitzaiola, Santurtziko portuan zen Jose Luis Diez gerraontzi errepublikarraren kanoiek tiro egin zuten, eta Del Rioren hegazkina su artean erori zen. Del Rioren hegazkina etsaienetako bat zela pentsatu zuten, oker.

Apirilak 24

Intxorta

Eguraldi txarraren ondorioz, dezente atzeratu zen frankisten erasoaldia tropa leialen aurka. Azkenean, ordea, frontea haustea lortu zuten. Elorrio erortzearekin bat, Udala, Kanpazar eta Intxorta inguratu zituzten. Hango atzeragoardia matxinatuen esku geratu zenez, tropa leialek euren posizioetatik alde egin behar izan zuten. Frankisten erasoaldipean, Elgeta, Olakueta eta Berriz erori ziren eta Bidebarrietako bidegurutzeraino heldu ziren. Fronte gipuzkoar-bizkaitarra bertan behera erori zen. Bilbo inoiz baino gertuago zuten faxistek.

Apirilak 25

Eibar

Bezperan hasi eta hilaren 25era arte, Molaren hegazkinek Elgeta eta Eibar txikitu zituzten. Bonbardaketaren unean Eibar erdi hutsik zegoenez, ez zen biktima askorik izan, herritarrak Bizkaira ihes eginda zeudelako, baina herria txiki-txiki eginda geratu zen.

Apirilak 26

Gernika

Alemaniako Kondor Legioak, italiarren abiazio faxistaren laguntzaz, Gernika suntsitu zuen. 50.000 tona bonba bota zituzten jendez betetako herri baten gainean. Euzkadiko Gobernuaren txosten ofizialen arabera, 1.645 lagun hil ziren. Gernika gerra egiteko entsegu bat izan zen Hitlerrentzat, Europan hasiko zen gerraren atari. Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroak esan zuenez, «Gernika izugarrikeria bat izan zen... Izugarrikeria esperimental bat». Matxinoen buru Francisco Franco jeneralak hurrengo egunean eman zuen bonbardaketari buruzko bere bertsioa, alegia, gorriek eta separatistek eman ziotela su Gernikari.

Maiatzak 9

Bizkargi

Gero eta hurbilago zuten Bilbo frankistek. Bide horretan, baina, oztopo gogorrak aurkitu zituzten. Horietako bat Bizkargi mendian, Larrabetzu eta Zornotza artean. Maiatzaren 9an hasi zuten erasoa, eta bi egunean gaina hartu bazuten ere, erretiratzeko agindu zieten. Gudari batailoi batzuek ez zieten aginduei kasu egin, eta kontraerasoari ekin zioten. Hala, zazpi egunetan borroka gogorrak gertatu ziren. Alemaniarren hegazkinek txikitu zituzten, azkenik, gudari ausarten lerroak.

Maiatzak 28

Lemoa

Haitzekoan borroka latza gertatu zen maiatzaren 28tik ekainaren 5era. Maiatzaren 30ean Mola eta Franco eurak Lemoara joan ziren, Bizkaiko erasoari ematen zioten garrantziaren seinale. Batailak irauten zuen bitartean, ekainaren 3an, Mola jenerala hil zen, haren hegazkina lurrera erorita.

Ekainak 19

Bilbo

Francoren indarrek Bilboko Burdinazko Hesia puskatua zuten, eta Eusko Jaurlaritzak, Carlton hotelean egin zuen azken bileran, atzeragoardiara joatea erabaki zuen. 19an hartu zuten matxinoek Bilbo euren gain. Jaurlaritzak Bilboko industria ez suntsitzeak ika-mika ugari piztu izan du, frankisten kanpainarentzat ezinbesteko bilakatu zelako hiriko industria astuna aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.