"Euria, aste honetan bitan besterik ez. Lehena hiru egunetan, bigarrena lau egunez". Hitz horiekin eta laino eta euri tanta batzuen marrazkiarekin atera da argitara lehen trixerta. Zaldieroak egin du marrazkia, eta irakurleek eskatu ahala inprimatuko dira irudi hori duten elastikoak.
25 euro balioko dute elastikoek —etxerako bidalketa eta BEZa barne—, eta BERRIAlagunek %10 merkeago izango dute: 22,5 euroan. www.berria.eus/trixertak helbidean erakutsiko dira diseinu berriak, eta hor bertan erosi ahal izango dira kamisetak. Baita telefonoz ere: (0034) 943-30 43 45.
[YouTube]http://youtu.be/j4Dmp6aEh_w[/YouTube]
BERRIAk euskal sortzaileekin elkarlanean abiatutako egitasmoa da. Txanda honetan, Zaldieroa, Savanna Studio, Unai Iturriaga eta Buatxabal sortzaileek bihurtuko dituzte BERRIAko albisteak kamiseta. Sortzaileak arduratuko dira sormenaren arloaz, Oninart estudioak egingo ditu ekoizpen lanak eta elastikoak BERRIAk hedatuko ditu.
Ostegunero elastiko berriak
Baina nola hautatuko da albistea? Astelehenean, aurreko astean egunkariko irakurgaietatik nabarmendutako albisteak aztertu, eta asteko gaia zein izan den adostuko dute BERRIAk eta sortzaileak elkarrekin. Ez dute zertan albisterik garrantzitsuenak hautatu, izan daiteke titulu bat edo asteko gai bat. Asteazken eguerdirako BERRIAk marrazkia jasoko du, eta ostegunero aurkeztuko dira elastiko berriak.
Euskal sortzaileek propio erosleentzat egindako elastikoak eskatu ahala inprimatuko dituzte, eta eskatzaileari etxera iritsiko zaio zuzenean, erosi eta hamar eguneko epean. Aurreko asteetan kaleratutako kamisetak ere eskatu ahal izango dira.