Plisti-plasta, plisti-plaust, mela-mela eta blai-blai. Halaxe dio Imanol Urbietak aspaldi egindako abestiak. Bota berri ta guzti irten naiz etxetik, gauez egin du-eta euria gogotik. Putzutan ez sartzeko nire amak esan dit. Berak esandakoa egin behar beti. Aste honetan euri konturik izan ez den arren, negua ate-joka dago, eta iritsiko dira eguraldi makurragoak. Hotza, eta euria goitik behera. Asteburua. Umeak etxean. Zer egin haiekin? Nora joan? Etxean gelditu?
Halakoak izaten dira guraso askoren buruhausteak egun euritsuetan. “Eta gure herri honetan egun euritsuak asko dira”, nabarmendu du Itsaso Olaizola (Donostia, 1973) Kutxa Ekoguneko formazio arduradunak; “ezin ditugu umeak beti etxean eduki euria egiten duelako”.
Haurrek natura ezagutu, naturan ibili eta naturaz gozatzen jakin behar dutela esaten den arren, Olaizolak uste du umeei ez zaiela naturara euripean hurbiltzeko aukera ematen. Eta euria ere naturaren parte da. Zaparrada, zipristin, harri koskor eta buztin. Plisti-plasta, plisti-plaust, mela- mela eta blai-blai, jarraitzen du abestiak. “Euskaraz hainbat izen ditugu euri mota ezberdinak izendatzeko; horrek adierazten du zenbateraino den gure naturaren parte”. Euria, zaparrada, ziri-miria, elur bustia, kazkabarra, txingorra, euri lanbroa, erauntsia, euri jasa, euri langarra… “Zergatik ez umeekin euriaz gozatu?”, galdetu du Olaizola.
30 minutu soilik kalean
Umeei ez zaie ezer gertatzen euritan jolasten ibiltzeagatik, ez dira txikiagotzen; alderantziz, euria egin arren, behar dute etxetik atera, behar dute ingurumenaz gozatu. Olaizolaren arabera, umeek kalean behar baino denbora gutxiago pasatzen dute, oro har, eta denbora hori murriztu egiten da egun euritsuetan. Bi detergente markak gaiari buruz egindako ikerketa baten datuak aipatu ditu Olaizolak. “Ikerketa horren arabera, 5-12 urte bitarteko umeek, batez beste, 30 minutu bakarrik egiten dituzte kalean”. AEBak, Brasil, Erresuma Batua, Turkia, Portugal, Hegoafrika, Vietnam, Txina, Indonesia eta Indiako 12.000 guraso elkarrizketatu zituzten datu hori ateratzeko, eta, ondoren, Free the Kids (Askatu umeak) kanpaina abiatu zuten, nabarmenduz umeek denbora gutxiago egiten zutela aire librean AEBetako kartzelatan zeuden presoek baino (bi ordu egunean).
Aitzitik, umeek telebista aurrean igarotzen duten denbora behar baino askoz ere handiagoa da. Eurodata TV Worldwide-k egindako neurketa baten arabera, Espainian, umeek bi ordu eta 38 minutu egiten dituzte egunean pantaila aurrean; eta, Frantzian, bi ordu eta 18 minutu. Euria egiten duen egunetan, ordu kopuru horrek nabarmen egiten du gora. Datu horiek kezkagarritzat jo ditu Olaizolak, eta iritzi dio gurasoek horri buelta emateko jarraibideak behar dituztela.
Hain zuzen ere, horregatik sortu zuen Kutxa Ekoguneak Egun euritsuetan familian egiteko 10 jarduera ikastaroa. “Gure helburua kultura jasangarria bultzatzea da, eta oso argi daukagun puntu bat da naturarekin zenbat eta harreman handiagoa izan hobeto hazten eta hezten garela, eta hobeto bizi garela. Bai umeak eta bai helduak”. Naturaz gozatzeko aukerak asko direla dio Olaizolak, eta umeekin maiz egiten direla naturarekin zerikusia duten planak. “Baina, aldi berean, sarri egiten du euria, eta ondorioz sarri aurkitzen gara espazio itxirik gabe eta umeekin zer egin ez dakigula”.
Olaizola bera da aipatu ikastaroa ematen duena. Ordu eta erdi irauten du eta gurasoei zuzendua dago. “Dena den, ikastaroan aipatzen ditugunak Ekoguneak mahai gainean jartzen dituen hamar jarduera dira, hamar ideia, hamar proposamen baino ez; gure helburua da, hortik abiatuta, guraso bakoitza gai izatea egun euritsuetan beste 20-30 plan edo jarduera egiteko, proposamen berriak egiteko. Pauta moduko batzuk dira, eta pauta horiek dira garrantzitsuena, plan zehatzen gainetik”.
Euria ari du. Kalera!
Hamar jardueren artean lehena eta garrantzitsuena zein den oso argi dauka Olaizolak. “Euria ari du. Goazen kalera! Askotan ikastarora datorren jendeari arraroa egiten zaio, baina gure lehen proposamena horixe da, euria egiten duenean bustitzera irtetea. Jendeak pentsatzen du leku itxietan egiteko proposamenak egingo dizkiogula, baina ez, gure lehen proposamena da kalera irten eta euriaz gozatzea”.
Oinetako eta arropa egokiak jantzi, aldatzeko arropa behar bada eraman, eta naturaz euripean gozatzea umeentzako esperientzia ahaztezina izaten dela nabarmendu du Olaizolak. “Eta, zergatik ez, putzutan salto egin behar bada, izan dadila aita edo ama lehen salto hori egingo duena. Umeak harrituta geldituko dira, eta ez dute erraz ahaztuko”.
Debekatutako jarduera batek duen xarma eta erakargarritasuna du euritan kalera atera eta putzutan edo lokatzetan ibiltzeak, beldurrik gabe zikintzeak, egunerokotasuna hausteak. “Eta umeek ez ezik, gurasoek ere izugarri gozatzen dute”. Eta kalera bezala, hondartzara, mendira, basora… joan daiteke egun euritsuetan, halakoetan naturak eskaintzen duen irudia eguraldi onarekin eskaintzen duenaren oso bestelakoa baita, eta umeentzat gehienetan ezezaguna. “Hondartzan itsasoak ekarritako egur zatiak eta plastiko zatiak bildu daitezke, gero eskulan bat egiteko aitzakian; hondar bustiarekin jolastu… Mendian, adibidez, euriarekin irteten diren animaliak zeintzuk diren ikusi, barraskiloak kontatu…”.