Atzo baino askoz euri gutxiago egin du gaur eta, beraz, ibaiek gainezka egiteko eta uholdeak izateko arriskua txikitu egin da. Atzo ibai batzuek gainezka egin zuten. Hala ere, larrialdi planak indarrean segitzen du Hego Euskal Herrian, badaezpada.
Dena dela, tenperaturak jaitsi egin dira, eta elur mailak nabarmen egin du behera. Mendate askotan egin du elurra, baina, hala ere, arratsaldeko seietan errepide sare nagusiko guztiak irekita zeuden.
Euskalmet meteorologia agentziak gaurko egindako iragarpenaren arabera, Agoizean goiz elur maila 800 metrotan ezarriko da, baina egunak aurrera egin ahala 400-500 metrora jaitsiko da. Iparraldeko haizeak gogor joko du, batik bat kostaldean eta mendi inguruetan. Horrenbestez, elurrak hartuko du euriaren lekua. Dena den, ekaitz arriskua ere egongo da.Txingorra ere egin dezake hainbat lekutan.
Atzo uholdeek eta luiziek arazoak eragin zituzten hainbat herritan
Euri eta elur denboraleak gogor jo du Euskal Herria. Uholdeek eta luiziek arazoak eragin zituzten atzo Gipuzkoan eta Bizkaian, eta elurra Nafarroako eta Arabako hainbat mendate eta errepidetara iritsi da. Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak alerta egoera ezarri zuten.
Eusko Jaurlaritzak krisi kabinetea jarri zuen martxan atzo, uholde arriskuagatik. Herritarrei ondorengo aholkuak eman zizkien: ibaietara ez gerturatzeko, autoak ibaietatik urruti aparkatzeko, itsasoko ekintzak saihesteko...
Goizean goizetik izan ziren arazoak. Gipuzkoan, Urumea ibaiak gainezka egin zuen Hernanin (Gipuzkoa). Errugbi eta futbol zelaiak urez bete ziren arratsaldehasieran. Deba ibaiak ere gainezka egin zuen Bergaran. Donostiako Martutene eta Zubieta auzoak, bestalde, alerta egoeran egon ziren. Urumea eta Oria ibaiak gainezka egitekotan egon ziren auzo horietan. Gipuzkoako beste ibai gehienen ur maila ere alerta egoeraren gainetik egon zen.
Bizkaian, Getxon eta Alonsotegin izan ziren arazo nagusiak. Getxon larrialdi zerbitzuak Fadurako kiroldegiaren atzealdean aritu ziren lanean, ura kentzen. Kadagua ibaiak, bestalde, gainezka egin zuen Alonsotegin, eta trabak izan ziren hainbat kaletan ibiltzeko. Gainera, Arratia ibaiaren ur maila asko igo zen eta, gainezka egin ez bazuen ere, eragozpen batzuk eragin zituen.
Nafarroan traba gehienak elurrak eragin zituen arren, ibaiek ere eman zuten arazorik. Arakil ibaiak gainezka egin zuen Uharte Arakilen. NA-2140 errepidea itxita egon zen horren ondorioz. Lapurdin alerta horia ezarri zuten Errobi eta Urdazuri ibaien inguruan, eta erreka horien bazterretan kontuz ibiltzeko eta ibilgailurik ez uzteko eskatu zuten.
Urtegien maila ere asko igo da. Ebroko Ur Konfederazioak emandako datuen arabera, Bilbo eta Gasteiz urez hornitzen dituzten Zadorra, Urrunaga eta Uribarriko urtegien maila %75,6ra igo zen. Gipuzkoako Añarbeko urtegia, berriz, guztiz bete zen.
Euri jasek eragindako luiziek, bestalde, arazo dezente eragin zituzten errepideetan. Irunen (Gipuzkoa), goizaldean, 140 metro luzeko eta 7 metroko altuerako murrua erori zen. 12 ibilgailu harrapatu zituen azpian. Berio kalean izan zen ezbeharra, eta auto gehienek kalte handiak izan zituzten. Ez da denboralearen ondorioz murru horrekin arazoak izan diren lehen aldia. Bizilagunen kexen eta eskaeren ondorioz, Udalak harresia konpontzea onartuta zeukan, haren drainatzea hobetzeko.
Astigarragan (Gipuzkoa), Donostiako bigarren ingurabidea egiteko lanetan ere, luizia izan zen. Añarbeko Uren Mankomunitateak jakinarazi zuenez, Donostiako eta Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat auzo urez hornitzen dituzten Putzutzetako eta Abringo ur biltegietan kalteak eragin zituen luiziak. Ez zuten ur horniketa eten behar izan, bi biltegiak oso beteta zeudelako.
Donostiako suhiltzaileek ere hainbat irteera egin behar izan zituzten eroritako zuhaitzak eta adarrak kentzeko, aldamioak indartzeko eta putzu handiak husteko.
Renfeko aldiriko 70 trenetan atzerapenak izan ziren Sestao eta Barakaldo (Bizkaia) artean izandako luiziaren ondorioz.
Elurra Nafarroan eta Araban
Elurra ere egin zuen Euskal Herriko hainbat txokotan. Nafarroan, adibidez, elur maila 600 metrora jaitsi zen. Gaur maila hori gehiago jaitsi daiteke. Hala, Nafarroako Gobernuak lehen mailako alerta egoera ezarri zuen atzo goizean. Kateak behar izan ziren Urkiaga, Artesiana, Lizarraga eta Meano mendateetatik igarotzeko.
Araban ere elurrak 800 metrora egin zuen behera. Elurrak Azazeta, Opakua eta Herrerako mendiak zuritu zituen. Elurra kentzeko 20 makina aritu ziren egun osoan bideak garbitzen eta gatza botatzen. Gasteizko Udalak ere aldez aurreko alerta egoera jarri zuen, elur arriskuagatik.
Eguraldia
Euriari elurrak hartu dio lekukoa
Ibaiek gainezka egiteko eta uholdeak sortzeko arriskua txikitu egin da, baina, badaezpada, larrialdi planak indarrean segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu